Etxeak ikastetxe bihurtuta

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 18a, 10:20
Ume bat eskolako lanak etxetik egiten, larrialdi egoera dela eta (Nerea Uranga).

Milaka ikasle eta irakaslek lehen bi egunak egin dituzte etxetik ikasiz eta irakatsiz. HITZA Arroako eskolako, Orioko Herri Ikastolako eta Zumaiako Herri Eskolako langile banarekin izan da, hasierako esperientzien balorazioa jasotzeko.

Astelehenetik ikastetxeetako jarduna etxeetako sukalde, logela eta egongeletara aldatu da. Irakasleek hiru egun izan dituzte alarma egoerak ekarritako konfinamendu egoerara moldatu eta beren eskolak prestatzeko, eta Urola Kostako HITZA hiru ikastetxetako langileekin egon da, lehen bi egunen balorazioa jasotzeko; ondorengo hauekin: Arroako eskolako Arantxa Osa zuzendariarekin, Orioko Herri Ikastolako Amaia Ugalde zuzendariarekin eta Zumaiako Herri Eskolako Iñaki Agirrezabala LH6ko tutorearekin. Hirurek azpimarratu dute komunitateak erakutsi duen jarrera ona, eta, batez ere, ikasleak erakusten ari diren lanerako gogoa. Egoera honek luzerako joko duela ere argi dute.

Egunek nola, ikasturteak ere aurrera jarraituko du. Horregatik, mailaz mailako plangintza prestatu eta jarri dute martxan ikastetxez ikastetxe. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak agindu eta aholku batzuk eman ditu, baina zentro bakoitzaren esku gelditu da antolaketa eta ikasleekin mantendu beharreko komunikazio mota zehaztea. Internetaz baliatzen ari dira milaka ikasle eskualdean, batez ere DBHkoak, eta salbuespenak salbuespen, Osak, Ugaldek eta Agirrezabalak azaldu dute etxe guztietan prest daudela online ikasketak egiteko. "Ordenagailuren bat behar zuten familiei utzi egin diegu eramangarri txiki bana", azaldu du Agirrezabalak, eta aurreneko bi egunetan behintzat, denak puntu-puntuan ari dira etxekolanak eginda bueltatzen irakasleei. "Zalantzak argitzeko sistema daukagu, eta sakelekora iristen zaizkit mezuak. Egun osoa sakelekoari itsatsita nago".

“Ariketa batzuk jolas moduan planteatzen
dizkiegu, eta txatean jarduten dute denek”

 

Zumaiako Herri Eskolako LH6ko ikasleentzat prestatu duten materiala



Orion eta Arroan ere ikasleak bikain ari dira erantzuten ikasketa sistema berri honi. Ugaldek azaldu du ikasleek ordenagailua edukitzea eta lehendik baliabide digital ugari ezagutzeak "asko erraztu" diela egoera berrira egokitzea.

Haur Hezkuntzako ikasleak dira ikastetxeekiko loturarik izango ez duten bakarrak larrialdi egoeran. Horien gurasoentzako, hori bai, aholku eta jolas adibide sorta bildu eta zabaldu dute ikastetxe gehienek. Lehen Hezkuntzakoek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek, berriz, egunero dituzte lanak herenegundik. Guraso askoren kezka izan daiteke pentsatzea eten honek edo, behintzat, halabeharrez egindako aldaketa hauek eragingo al dioten ikasturteari eta maila bakoitzean ezarritako helburuei.

Ugaldek eta Osak uste dute ez daukala zertan eragin: "Etxetik lan egiteak ez du esan nahi ikastolako jarduna etengo denik. Irakasleek sortu dute beharrezko materiala bai ikas-ohiturak mantentzeko, bai beharrezko helburuak lortzeko", iritzi dio Ugaldek. Horren ustez, gainera, etxetik aritzeak badu bere alde ona ere: "Egoera honetan, ikasleek garatuko dituzte autonomia, antolaketa, autoerregulazioa eta teknologia berrien konpetentzien garapena, besteak beste".

Agirrezabalak ere azaldu du lehendik ere erabiltzen zituztela Classroom bezalako programak zenbait gai lantzeko. "Esaterako, hor jartzen genuen Baleike herri aldizkariko artikulu bat ikasleek irakurtzeko, eta hori lantzeko bertan". Ikasleak ohituta dauden bezala, irakasleek ere badute ezagutza: "Ikasgela birtuala denez, irakasleak ikus dezake nork zer entregatu duen, estatistikak egiten ditu, nota jar daiteke, eta ikasleari jarraipena egiteko oso-oso praktikoa da".

Agirrezabalak eta bere mailako beste hiru tutoreek, esaterako, lanak banatu dituzte gaika, eta biltegi handi bat sortu dute, egunero ikasleei hiru ariketa bidaltzeko. "Batzuk dira guk bidalitako euskarrian bertan egiteko, eta beste batzuk, berriz, ikasliburuetan egin ditzaten. Horiek, ikastetxera bueltatutakoan zuzenduko ditugu". Ariketa guztiek, ordea, dute egiteko epe bat. Gainera, zalantzak tutorearekin zuzenean argitzeko aukera dute ikasleek.

“Informazioa beraiekin partekatzeak ekarri dio
nolabaiteko lasaitasuna komunitateari”


Astelehenekoa izan zen lehen eguna, eta Arrizabalagak behintzat, txukun eta garaiz jaso zituen erantzunak. "Oso-oso motibatuta daude".

Saiatzen ari dira lanak ahalik erakargarrienak izan daitezen. "Ariketa batzuk jolas moduan planteatzen dizkiegu, eta baditugu kanal pribatuak eta taldekoak komentarioak egiteko. Denek txat moduan erabiltzen dute, kar-kar".

Eskola presentzialak eten izanaren alde txarrena, beharbara, izan da urteko sasoia. "Bigarren hiruhilekoaren amaieran harrapatu gaitu honek bete-betean", azaldu du Agirrezabalak. "Ari ginen buletinekin, informeak banatzen… Eta sortu zaigu beste arazo bat. Fisikoki ez gaudenez ikastetxean, ezin ditugu buletin guztiak inprimitu, gutunazaletan sartu eta eman. Pentsatu dugu informe horiek bestela ere pdf formatuan izaten ditugula, horiek gurasoei bidaltzea korreoz". Horregatik, lan dinamika berriak abiatzeaz gain, ebaluaketa lanekin ari dira egunotan. Ziur da Aste Santuak pasatakoan ere ez direla eskoletako ateak zabalduko. "Nik uste dut oso luze joko duela". Dena den, inor ez da ausartzen data bat esaten.

“Egoera honetan ikasleek autonomia eta
autoerregulazioa garatuko dituzte”


Agirrezabalak uste du ikastetxean amaituko dutela ikasturtea, eta bere ikasleekin gogoratu da. Izan ere, LH6koak ziklo amaieran daude, eta gainera etapa amaieran, Lehen Hezkuntza amaitu eta datorren ikasturtea institutuan hasiko dutelako. Horrelakoetan irakasle-ikasle arteko harremenak are garrantzitsuagoak direla uste du zumaiarrak. "Ez dugu begiratzen soilik zer nota atera dituzten, hori baino konplexuagoa da, ikusi behar dira beraien arteko harremanak eta taldeak…. Gauza asko. Eta ordezkapenak egiten ari direnen kasuan ez da erraza izango aurten. Egon zaitez bizpahiru hilabete umeak ikusi gabe, eta ea nola amaitu behar den kurtsoa. Oso tristea da ikasturtea horrela amaitzea, batez ere aldaketa datorrenean". Berak zortea duela dio, iaztik ezagutzen duelako bere taldea.

Orioko Herri Ikastolako irakasle bat, atzo, eskola bideokonferentziaz ematen (Hitza)


Komunitatearen babesa
Araban ikastetxe guztiak itxi zituztela ikusita, pentsatzekoa zen Gipuzkoara ere etorriko zela agindua, baina erabakiaren berri egun batetik bestera eman zuen Eusko Jaurlaritzak, ostegun eguerdian. Ostiralean bertan egin zuten aurreneko egunetarako plangintza ikastetxeetan, erabakitzeko noiz eta nola bilduko ziren irakasleak ikasleentzat materiala prestatzeko. Asko asteburuan lanean aritu ziren astelehenerako dena prest izateko. Zumaiako Herri Eskolan, esaterako, asmoa zen astelehenetan ikastetxean bilerak egitea irakasleek. Ordea, larrialdi egoera ezarri zuen asteburuan Espainiako Gobernuak, "eta horrek beldurra eragin zuen irakasleen artean", eta erabaki zuten nork bere etxetik egitea bilera eta lan guztiak. Arroako eskolan, eskola txikia izaki, saiatu ziren beren sarearekin koordinatuta aritzen. "Saiatu ginen eskola txikien arteko komunikazioa mantentzen, eta koordinatzailea bitarteko, elkarrekin materialak eta informazioa konpartitzeko bideak irekitzen", kontatu du Osak.

Komunitatearen erantzuna ere azpimarratu dute Osak eta Ugaldek. "Komunitateak oso ondo erantzun du. Eskolan saiatu gara familiekin eta eskola komunitatea osatzen dugun guztiekin komunikazioa mantentzen. Hasierako ezjakintasuna izan da okerrena, baina informazioa jaso ahala eta erabakiak adostu ahala horiek zabaltzen saiatu gara, eta nire ustez, horrek ekarri du nolabaiteko lasaitasuna", adierazi du Arroakoak. Ugalderentzat, gainera, "ulermenerako unea da".