Berrogeialdia pasatzeko, bertsoak

Anartz Izagirre | Urola Kostako Hitza 2020ko mar. 17a, 10:31

Jon Maia. (Twitter)

Koronabirusa tarteko, kultur ekitaldiak bertan behera gelditu dira. Horren aurrean, alternatiba berritzaileak proposatu dituzte zenbaitek: Twitter bidez bertsoak sortzen hasi da Jon Maia.

COVID-19aren krisiak eraginda, asko dira Euskal Herrian bertan behera gelditu diren kultur ekitaldiak, baina egoera horren aurrean, zenbait artistak orain arte ikusi gabeko alternatiba berritzaileak topatu dituzte sarean. Horien artean, Jon Maia bertsolari zumaiarrak Ixolamenduan bertsoak izeneko kanpaina jarri du martxan, Twitterren.

Bertsolari zumaiarrak, inguruko artistak egiten ari zirena ikusita, bere “ekarpena” egin nahi zion berrogeialdia pasatzen ari zen jendeari, eta horregatik otu zitzaion bertsoak eskaintzeko kanpaina martxan jartzea. Haren arabera, ideia hori “oso harrera ona” ari da izaten Twitterren: “40 bat bertso-edo egin ditut egun hauetan, eta mota guztietakoak”, azaldu Maiak. Beste hainbaten artean, koronabirusa dela-eta bertan behera gelditu diren ezkontzetako bikoteei, beren etxeetan bakartuta dauden adinekoei, egunotan hildakoei edo proiektuak bertan behera utzi behar izan dituzten herritarrei jarri dizkie bertsoak zumaiarrak. “Esperientzia oso aberasgarria” ari dela izaten nabarmendu du hark.

“Koronabirusa dela-eta Twitterren komuneko papera da hizpide, baina badira ikusten eta entzuten ez diren kasu larriak ere”, azaldu du Maiak. Hark nabarmendu duenez, gehienek bertsoak “besteei” jartzeko eskatu diete; erabiltzaile horietako batzuek publiko egin dituzte bertsoak, baina besteek ez. Elkarbanatu dituzten bertsoen artean, adibidez, AEKrena dago. Euskaltegira joan ezinik gelditu diren ikasleentzako bertsoa eskatu zion AEK-k Maiari, eta erakunde horrek Twitter kontuan publikatu du bertsoa. Horrez gain, Maiak jaso ditu beste hainbat eskaera hunkigarri ere egun hauetan, Altsasuko gurasoena, kasu.

Esperientzia “hunkigarria”
Erabiltzaileek zuzenean mezu pribatua bidaltzen diote Maiari Twitter bidez, edo txio batean aipatzen dute bertsolaria. Hala, Maia beraiekin kontaktuan jartzen da nolako bertsoa nahi duten zehazteko. Zuzeneko kontaktu hori “oso hunkigarria” ari da izaten zumaiarrarentzat, modu horretara erabiltzaileen kasuak “gertutik” ezagutzen dituelako, horiei bertso pertsonalizatu bat sortu aurretik.

Berrogeialdiak luzerako joko duela ikusita, datozen egunotan ere ildo beretik jarraitzeko asmoa du Maiak, eta hala eskatzen dieten txiolarientzat bertsoak egiten jarraituko du: “Bertsolariok ez dakigu etxean gelditzen, eta borondatez bertsoak sortzen jarraituko dut”.

Paperezko Kontzertuak ikusgai, sarean
Garoa liburudendak Paperezko Kontzertuak egitasmoa ekarri du gogora, herritarrei berrogeialdia arinago pasatzen lagunduko dielakoan. Hainbat musikariren kontzertuak grabatu zituzten proiektu horren barruan, eta horiek ikusgai daude Youtuben, Paperezkoak TB bilatuta. Anari, Eñaut Elorrieta, Gari, Amorante, Mursego, Jabier Muguruza… ageri dira bideoetan.