Gaurtik aurrera ezingo da nahieran mugitu

Baleike 2020ko mar. 15a, 10:14

Alarma egoera ezarrita, COVID-19 gaixotasuna –SARS-COV-2 birusa– ez hedatzeko neurriak hartu ditu Espainiako Gobernuak: herritarrak ezingo dira etxetik atera, ez bada, besteak beste, botikak eta elikagaiak erosteko edo lanera joateko.

 

COVID-19 kasuak han eta hemen agertzen ari diren heinean, erakunde publikoak neurriak hartzen ari dira azken egunotan koronabirusaren hedatzea oztopatu eta herritar kutsatuen kopurua jaisteko. Espainiako Gobernuak herenegun, ostiralean, iragarri zuen alarma egoera izendatzeko erabakia, eta gaurtik martxan da alarma egoera hori arautuko duen dekretua. Gaurtik aurrera Hego Euskal Herriko biztanleek mugatua izango dute mugimendu askatasuna ezinbestekoak baino ez diren joan-etorrietarako.

Mugimendu askatasunaren debekutik salbuetsita daude elikagaiak eta botikak erostea, osasun zentroetara joatea, lantokira joan-etorria egitea, adinekoen, mendekotasunak dituztenen edota adingabeen zaintzea, banketxeetara joatea edota ezinbesteko joan-etorriren bat egin behar izatea. Ekipamendu teknologikoek, prentsak, ile apaindegiek eta tindategiek beren jarduerarekin jarraitu ahal izango dute. Aisiari lotutako ekintzak guztiak ere bertan behera geratu dira. Besteak beste, kultur eta kirol eremuko ikuskizunak eta ostalaritza; onartutakoen artean, berriz, gutxienez metro bateko distantzia gorde beharko da.

Espainiako Gobernuak hartutako neurriak hamabost egunean egongo dira indarrean, baina epe hori luzatzeko eskumena du Espainiako Kongresuak. Alarma egoera honen aurrean, Espainiako Gobernuak izango du eskumena gobernu autonomikoen aurrean edozein erabaki hartzeko. Ondorioz, Ertzaintza Espainiako Barne Ministerioaren esanetara geratu da, eta Osakidetza Osasun Ministerioaren aginduetara; Espainiako Armada esku hartzeko prest dagoela gaineratu du Espainiako Gobernuak.

Gauerditik martxan den dekretuak gobernuari neurri gehiago hartzeko aukera ematen dio. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri zuen, neurriak "gogorrak" izango direla, eta, ondorio ekonomikoei begiratuta, alor ekonomikoari lotutako zenbait neurri hartu zituzten: diru sailak prestatuko dituzte familiei, enpresariei eta autonomoei laguntzeko, kaleratzeak saihesteko eta birusaren aurkako txerto bat ikertzeko.

Espainiako Gobernuak onartutako dekretua irakurgai.