Koronabirusaren ondorioz herrian bertan behera geratu diren ekitaldi eta zerbitzuak

Baleike 2020ko mar. 13a, 13:39

Koronabirusari aurre egiteko prebentzio neurri gisa, itxita egongo dira datozen egunetan udal eraikinak. Bertan behera geratu dira kirol eta kultur jarduerak ere. 

Atzotik hainbat neurri hartu dira Zumaian koronabirusaren zabalpenari aurre egiteko prebentzio neurri gisa. Eusko Jaurlaritzak atzo hartutako neurriari jarraiki, Zumaiako ikastetxeak ere itxita egongo dira gutxienez hamabost egunez.

Udalak ere neurri ugari hartu ditu COVID-19 gaixotasunaren hedapena ekidin eta "koherentziaz jokatzeko" asmoz. Atzo jakinarazi zuen Zumaiako Udalak datozen egunetan itxita izango direla udal eraikinak. Udalaren kultur agenda osoa eta jarduera oro ere (ikastaroak, hitzaldiak, zine emanaldiak...) bertan behera geldituko da, bestelako abisurik jaso arte. Merkatariek ere ez dute asteburu honetarako antolatuta zuten stock azoka egingo, jende pilaketak saihesteko.  

Nolanahi ere, oinarrizko zerbitzuak martxan izango direla gogorarazi dute, eta harrera zerbitzua mantenduko dute Udaltzaingoan, Gizarte Zerbitzuetan eta udaletxean. 

Kirol jarduerak ere, bertan behera
Instituzioen gomendioei jaramon eginez hartu dute erabakia. Gauzak horrela, Pulpoko eskubaloi taldeek eta Zumaiakoren futbol taldeek ez dituzte partidak jokatuko datozen hamabost egunotan. Ez hori bakarrik, entrenamendurik ez egitea ere gomendatu dute. GRABNI torneoa, palako entrenamendua eta eskolarteko txapelketa ere bertan behera gelditu dira.

Era berean, maiatzaren 3an ospatzekoa zen Flysch Trail mendi lasterketa irailaren 27ra atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Beraz, bertan behera geratuko dira entrenamendu saioak ere. Edozein aldaketa balego, lehenbailehen jakinaraziko dutela jakinarazi du mendi lasterketako antolakuntzak. 

Horrez gain, ikusi hemen bertan behera geratu diren jardueren zerrenda:

-San Telmo jaietako danborradako entseguak.
-Laburbira film laburren emanaldia.
-Zumaiako AEK Igor euskaltegia.
-Haizearen Egia ikus-entzunezkoaren emanaldia.
-Zumaiako jubilatu eta pentsiodunen asteleheneroko protestak.