Maitane Subijana: "Ezin da onartu esklabutza egoeran dauden langileak hainbeste izatea"

Mireia Galarza 2020ko mar. 13a, 10:45

Maitane Subijana. (Argazkia: Mireia Galarza)

Aurreko urtean estreinatu zuten Malen Etxeak eta Maite Subijanak elkarlanean eginiko 'Malen Etxea. Zaintzaren esklabu' dokumentala. Etorkinen lan baldintzak ditu hizpide.

Maitane Subijana (Getaria, 1995) da Malen Etxea. Zaintzaren Esklabu dokumental laburraren egilea. Malen Etxea, aldiz, Amerika hegoaldeko barneko emakume langileen bizi baldintzak hobetzen laguntzen saiatzen den elkartea da. Zumaian dago kokatuta elkarte horren bulegoa, eta baliabiderik ez duten emakumeentzat aterpetxe bat ere badute Zestoan. Subijana irratian ari da lanean egun, baina ikus-entzunezko formatuaren bitartez salatu nahi izan du barneko emakume atzerritar langileen egoera nolakoa den. Izan ere, Zumaiako bizilagunaren ustez, «ikusi nahi ez dugun errealitate bat» da emakume horiena.

Zer dela eta sortu zenuen dokumental laburra?
Kezka bikoitz batetik jaio zen. Izan ere, Malen Etxea elkarteak barneko emakume atzerritar langileen egoera salatu eta ezagutarazi nahi zuen, eta nigana jo zuen dokumental bat egiteko eskatuz. Elkarteak langile horiek bizi duten gordintasuna erakutsi nahi zien ingurukoei, baldintza kaskarrak tarteko. Proiektuaren berri banuen, eta pozez hartu nuen proposamena; izan ere, emakumeak biltzen dituzten gaiek arduratu eta haserretu egiten naute.

Nolakoa izan zen ikus-entzunezkoaren ekoizpen prozesua?
Ekonomikoki baliabiderik gabe hasi ginen dokumental laburra grabatzen, eta teknikoki ere ez geneukan material askorik. Beraz, produktu motza egitea erabaki genuen, zuzenean norbanakoaren emozioengana iristea helburu hartuta. Grabaketa prozesua ere mugatua eta gogorra izan zen; izan ere, zaila da kameraren aurrean jarri eta zure egoeraz inongo filtrorik gabe hitz egitea. Zalantzarik gabe, horrek gerora eragina izan zezakeen emakume horiek lana bilatzerako orduan.

Dokumentala ekoitzi aurretik ezagutzen al zenuen Malen Etxea?
Bai. Hala ere, ekoizpen prozesuari ekin nionean, gaian sakontzeko aukera izan nuen elkarteko kideekin batera. Gainera, aurpegia jarri ahal izan nien gure aitona-amonak zaintzeaz arduratzen diren emakumeei, eta beren egoerak ere ezagutu ahal izan nituen. Itxurazko tolerantzia batean bizi gara; badakigu ez direla baldintza onetan bizi, baina ez dugu onartu nahi.

Errealitate berririk ezagutu al duzu dokumentalaren bitartez?
Gizarte aurrerakoi batean bizi garela uste dugu, baina ez da horrela. Ezkutuan daude, eta dokumentalean garbi ikus daiteke badirela hain ondo bizi ez direnak ere. Dokumentalaren bitartez ezagutu ahal izan nituen lau protagonisten egoerak. Guztiak oso desberdinak dira, baina gordinak. Batzuei lana amaitzen zaie, eta kale-gorrian geratzen dira, nora joan ez dakitela. Hainbat motatako indarkeriak ere tartean direla jabetzen zara.

Ikusi nahi ez dugun errealitatea da, beraz.
Guztiz. Gaiaren inguruan ezjakintasuna dago, eta ez gara jabetzen ia-ia etxepe guztietan dagoela esklabutzan lan egiten duen zaintza langile bat. Ezin da onartu, bizi garen garaiotan, esklabutza egoeran dauden langileak hainbeste izatea. Arazoa urrun kokatzeko joera daukagu, kostatu egiten zaigu egoera onartzea. Dokumentalak egoera horri ikusgarritasuna ematen dio behintzat. Gainera, gure etxean aplika ditzakegun neurrien gaineko gogoeta sustatzen du.

«Gustatuko litzaidake, egun batez, euskaldunak atzerritarren paperean jartzea», dio dokumentaleko protagonistetako batek. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Zaila da, une oro umiliatu edo gutxiesten ditugulako. Ez dute ezer, ezta gure babesa ere. Goi begirada batetik zuzentzen gara haiengana, eta oso gogorra da hori. Enpatia izatea garrantzitsua da, beren lekuan jartzea. Ariketa interesgarria eta eraginkorra izan daiteke; guztiok hausnartu beharko genuke gai horri buruz, uste baino gertuago daukagu eta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide