Nerea Iriarte: "Maskarillen eta gel antiseptikoen itxaron zerrenda dugu botikan"

Ihintza Elustondo 2020ko mar. 11a, 12:00

Botiketan ere nabari izan dute koronabirusaren krisiak eragindako urduritasuna. Horren berri ematen du Nerea Iriarte botikariak.

Maskarillentzako itxaron zerrenda dute ia botika guztietan, baita zuk lan egiten duzunean ere. Noiz hasi zen jendea maskarillak eskatzen?

Otsailaren hasieran. Batez ere, asko bidaiatzen zuen jendea hasi zitzaigun eskatzen, aireportuetan-eta ikusi zutelako jende askok erabiltzen zituela. Gaixotasunen bat dutenei edo defentsak baxu dauzkatenei ere gomendatu zieten maskarilla erabiltzea, eta haiek ere eskatu zizkiguten. Baina orain ja mundu guztia etortzen da maskarillak eskatzera. Berehala biltegietan maskarillarik gabe gelditu ziren, eta zerrenda bat egin genuen maskarillak eskatzen zizkigutenekin; geu ere biltegien itxaron zerrendan gaude, eta bakar batzuk iritsi zaizkigu, baina oso-oso gutxi. Maskarillenaz gain, gel antiseptikoen itxaron zerrenda ere badugu.

Zertarako balio du maskarillak?

Filtro berezi bat daukaten maskarillak dira eraginkorrenak, baina horiek infektatuta daudenei edo osasun arloan lan egiten dutenei gomendatzen dizkiete. Birusa eztul edo doministiku bidez edo hitz egiterakoan soltatzen diren tantatxoetan egon ohi da, eta beraz, bi pertsonak gertu egon behar dute elkar kutsatzeko. Tanta horiek beste pertsonarengana iristen ez badira, parean dauden materialetara erortzen dira: mahaira, oihaletara... Horiek eskuekin ukitzeko arrisku handia dago, eta kutsatu egin gaitezke. Horregatik, neurri eraginkorrena eskuak garbi mantentzea da. Paperezko musuzapiak erabiltzea eta doministiku egiterakoan ukondoa jartzea ere gomendatzen dute.

Alarma egoera nabaritzen al duzu?

Bai, baina hori baino gehiago, nahasmen handia dago. Oso handi gelditzen diren gauzak ari gara entzuten: heriotzak daude tartean, eskolak eta unibertsitateak ixten ari dira... Jendeak ez daki nola jokatu horren aurrean. Nahasmen eta beldur handia dago etor daitekeenaz.