Joxe Agirre: "Guk hartu dugu erabakia: duguna salduko dugu, eta gero gerokoak"

Julen Imaz 2020ko mar. 11a, 12:00

Epe laburrera baino, epe ertainera biziko omen dituzte krisi honen eraginak. Hala dio Endañeta dendako Joxe Agirrek. 

Nola bizi duzue koronabirusaren krisia?

Gabezian. Adibidez, hamabost eguneko epean iristekoak ziren mikrouhinen modelo batzuk, baina orain datarik ez digute ematen noiz helduko diren. Marka ezagun bateko mikrouhinen kasuan, esaten digute apirilaren amaierarako jasoko ditugula. Ustez marka hori Zaragozan ekoizten dute, baina honek agerian uzten du Txinan egiten dituztela.

Produkturik gabe geratu zarete?

Momentuz ez. Gure arazoak epe ertain batera sortuko dira. Etxetresna elektriko txikiak, irabiagailuak direla, kafe makinak direla, horiek denak han egiten dituzte, Txinan. Hilabete eta erdi da arazoa sortu dela, eta oraindik hemengo biltegietan pilatuta dauden tresnekin ari gara lanean. Baina gaur egun eskatzen ditugun tresnak ez dira ari fabrikatzen. Orain gutxi beste abisu bat jaso dugu, eta da telebista berririk ez dugula izango, osagai ia denak Txinan egiten dituztelako.

Galera ekonomikorik izango duzula espero duzu?

Komertzial batzuk ari zaizkigu presionatzen, tresnak gaur erosteko eta biltegian pilatzeko esanaz. Beldurra sartzen saiatzen ari dira. Guk hartu dugu erabakia: duguna salduko dugu, eta gero gerokoak. Sony ez badago Samsung sartzen saiatuko gara, eta Samsung ez badago LG.

Zuen kasuan agian ez, baina marka batzuek arazoak izan ditzakete.

Horiek bai, horiek arazo handiak izango dituzte. Krisiak irauten badu, guk ere bai. Nik uste arazoa konponduko dela. Baina X markak apirilean bere gama berria atera behar badu, eta apirila iritsi, berririk ez, eta zaharrik ez badu saltzeko, hor hutsune bat izango du. Soldatak ordaindu behar dira... Guk zortea dugu gauza ugarirekin egiten dugulako lan. Telebistekin bakarrik lan egingo bagenu, dagoeneko lanik gabe egongo ginateke.