TAO sisteman aldaketak proposatu eta herritarren ekarpenak jaso dituzte

Baleike 2020ko mar. 11a, 10:30

Aparkamendu sistemaren erregulazioa arautzen duen ordenantzaren zirriborroa aurkeztu zuten atzo eta herenegun udal ordezkariek.

Aparkamendu sistemaren erregulazioaren inguruko hausnarketa saioak izan ziren atzo eta herenegun. Hala, herritarrekin batera hausnartu dute udal ordezkariek, ordenantza berriaren zirriborroa aurkeztearekin batera. Herritar ugari gerturatu da bi saioetara, eta sistemaren inguruko azalpenak eman dituzte Alex Oliden alkateordeak eta Iñaki Ostolaza alkateak. 

Olidenek azaldutakoaren arabera, 2017tik hona sistemak zer nolako eboluzioa izan duen hausnartzea izan da saioen helburua. Iaz, 2019an, hausnarketa saio baten ondoren aparkamendu sistema arautzen duen ordenantzaren aldaketa adostu bazen ere, ezin izan zuten martxan jarri, hauteskundeak zirela eta. Honenbestez, 2018koa da orain gaur gaurkoz indarrean dagoena. Udal gobernuaren proposamenak zein hausnarketa saioetan herritarrek egindako ekarpenak hartu nahi dituzte kontuan aurrerantzean ere. Urtero hala egingo dute "zumaiar guztiak konforme egon arte", Olidenen arabera. 

Ordenantzaren zirriborroa aurkeztu dute saio horietan udal ordezkariek. Zumaiarren artean mugikortasun ohitura osasuntsuak sustatze aldera, oinezkoak lehenesteko eta herrian autoz egiten diren desplazamenduak gutxitzeko asmoz hainbat neurri proposatu dituzte. Hauek dira beren proposamenean jaso dituzten aldaketa nagusiak:

-Langileen eta autonomoen aparteko bereizgarria. Txartela ateratzea ahalbidetuko diete, egonaldi ertaineko edozein zonatan aparkatzeko (Itsas kiroldegia, Axular edo GKN). Aurtengo aldaketa da itsas kiroldegiko proposamena.

-Bigarren etxebizitzako bereizgarria. Etxebizitza batek bigarren etxebizitza izaera izango du, bertan azken urtean inor erroldatu ez bada.

-Ordutegi aldaketa errotazio handiko zonatan. Anbulatorio pareko zonako ordutegiaren aldaketa: astelehenetik ostiralera 8:00etatik 17:00etara, eta zapatutan egoiliarrentzako.

Horrez gain, aurrerantzean kontrola areagotu egingo da, lau kontrolatzaile izango baitira kalean. Erabiltzaileentzako ere izango dira aldaketak, elparking aplikazioaren bidez ordaintzeko zein salaketak baliogabetzeko aukera izango baitute.

Herriguneko egonaldi ertaineko eta errotazio azkarreko gunetako informazioa eskainiko duten hiru panel informatibo ere ezarriko dituzte. Saregileen plaza inguruan jarriko dute bat, Axularren beste bat, eta Patxita Etxezarretan hirugarrena. Panelen bitartez alferrikako trafikoa eten nahi dute. 

Bestetik, ordenantzaren zirriborroan jasotakoaren arabera, makina gehiago ezarriko dituzte –guztira, 18–. Txomin Agirre kaleko makina batean txalupa zeharkaldiak egiteko txartela ere ordaindu ahal izango da.  

Herritarren ekarpenak
Herritarrek beren kezkak eta ekarpenak egin zizkioten saioetan ordenantzaren zirriborroari. Julio Beobideko zona aipatu zuten askok: bertako bizilagunen arabera, ez dute lekurik izaten aparkatzeko. Udal ordezkarien arabera, aparkatzeko lekuak baino egoiliarren txartel gehiago dago gaur egun, eta kopuru horri gehitu behar zaizkio kanpotarrak. "Aurten ikusi behar dugu zein neurritan langile eta autonomoek zubi txikitik hona aparkatu ahal ez izateak zein aldaketa dakartzan", azaldu zuten. Horrez gain, aipatu zuten gunea "egoiliartzen" joan behar dela, eta horretarako pausuak ematen jarraitzeko borondatea badutela. 

Ardantzabideko zona ere aipatu zuten herritarrek. TAO aparkamendu sistemako gainontzeko guneak ez bezala, urte osoan dago erregulatuta Ardantzabidekoa. Bizilagunen arabera, jendeak eta kanpotarrek ikasi dute ez dagoela kontrolatuta. "Urte osoa ordaintzen dugu, eta gainera ez dugu aparkalekurik izaten", azaldu zuten. 

Azpikontratatutako enpresaz gain, udaltzainek ere kontrolatzea eskatu zuten herritarrek. Hainbat gune –Larretxo, esaterako– "deskontrolatuta" egoten direla aipatu zuten, batez ere, TAO sistemako ordutegietatik kanpo. 

Udal ordezkarien arabera, aldaketa horiek kontuan izango dituzte, "epe administratiboek ematen badute". "Seguru aski ordenantzaren eboluzioak ekarriko du herri osoan urte osoan erregulatu beharra. Bide horretan aurrerapausoak emateko premian gaudela ikusten ari gara". 

EAJko udal taldearen proposamenak
EAJko udal taldeko kideak ere saioetan izan dira, eta hainbat eskakizun egin dizkiote udal gobernuari. Beren aldetik mahai tekniko politikoan ekarpenak egin dituztela azaldu zuten: "Horietako bat, kontrolatzeko epea luzatzea. Aste santutik urriaren bukaerara arte asteburutan indarrean egon beharko litzatekeela uste dugu.  Aukera dago esleitutako enpresaren kontratua aldatu gabe aldaketa hori martxan jartzeko". Horrez gain, beren proposamena da Julio Beobideren zonari dagokionez, bertako bizilagunek egun osoan zehar aparkatu ahal izatea eremu urdinean, eta ez sei orduz bakarrik. EAJko kideen arabera, hilabete honetako ordenantzan txertatzea posible da sei ordutatik egun osora zabaltzearena, "horretarako borondatea badago”.

Jeltzaleek egindako ekarpen batzuk bereak egiten zituztela erantzuten zuten udal ordezkariek, eta denboraren arabera batzuk aurten bertan martxan ipiniko zituztela, eta beste batzuk datorren urtean.