Palestinako emakume kooperatibisten lana, argazkitan

Baleike 2020ko mar. 10a, 09:12

Emakumea palestinar kooperatibetan izeneko erakusketa zabaldu zuten pasa den ostiralean Zumaiako Alondegiko Oxford erakusketa aretoan. Imanol Manterola argazkilari zumaiarrak 2018ko abenduan Palestinara egindako argazkiez osatzen da erakusketa hau, eta martxoaren 22ra arte izango da bisitatzeko aukera.

Bakerako Lankidetza Batzarrea gobernuz kanpoko erakundea da erakusketa honen antolatzailea. Erakundeak lehiaketa bat antolatu zuen 2018an, eta saria Palestinara joatea zen, erakunde horrek bultzatzen dituen proiektuen inguruko argazki erreportajea egiteko. Manterola izan zen lehiaketako irabazlea, eta astebetez izan zen Israelek horma handi batez inguratuta duen eremuan, kamera eskuetan, lanean.

Erakusketa honek palestinar emakumeak irudikatzen ditu kooperatiben barnean duten rolean. Hain zuzen, Palestinako gatazka eta bere ondorioz sortutako indarkeria eta ezegonkortasunagatik eta emakume izateagatik dituzten oztopoak direla medio kaltetuak diren emakumeak agertzen dira.

“Kooperatiba horiek laguntzen dituzte hemendik, batez ere, emakumeek bultzatutako proiektuak. Gobernuz kanpoko erakunde batzuek, Bakerako Lankidetza Batzarreak barne, emakumeen arteko topaketak antolatu zituzten egun horietan [2018ko abenduaren 1etik 8ra egin zuen bidaia hori]; kooperatibatan egon ginen, baita kongresu batean ere. Lehen egun horiek oso estresagarriak izan ziren, ordu asko ibili ginen eta batetik bestera. Baina, aldi berean, oso aberasgarriak ere izan ziren. Leku ugari ikusteko aukera izan nuen: udaletxeak, kooperatibak, horien lursailak, etab. Emakume horien topaketen lekuko izan nintzen. Nire lana argazkiak ateratzea zen, baina zertaz ari ziren ere jakin nahi izaten nuen”, azaldu zuen Manterolak Baleikeri iaz emandako elkarrizketa batean. Erakusketaren zabaltzean ezin izan zuen egon lan kontuak zirela medio.

Palestinako emakumeen ahalduntze proiektuen lekuko izan zen Manterola egonaldi hartan. “Proiektu arruntak dira, baina garrantzitsuena da emakumeez bakarrik osatutako kooperatibak direla. Azkenean, beharrak eraman ditu horretara. Emakumeak han ez dira halako lanetan aritu; etxeko lanez arduratu izan dira beti. Baina arazo bat dute eta da familia pila bat gizonik gabe dagoela, hilik edo kartzelan daudelako. Horregatik, emakume askok hartu du familiak aurrera ateratzeko ardura”, zioen argazkilariak.

Erakusketa martxoaren 22ra arte izango da zabalik Alondegiko Oxford aretoan. Egunero 18:00etatik 20:00etara zabalduko ditu ateak. Igandeetan eta zubian eguerditan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.