Tabernetako terrazak arautuko dituen ordenantza aurkeztu du Udalak

Baleike 2020ko mar. 9a, 15:30

Araudiak ordutegiak, estetika, eta terrazak ixteko aukera definituko ditu, Udalaren jabetzako lurzoru publikoetan, nahiz erabilera publikoa duten terraza pribatuetan.

Udal gobernuan ostegunean aurkeztu zuen ostalari eta merkatariek denda edo taberna kanpoaldean erabiltzen duten espazio publikoa arautuko duen ordenantza. Bilera irekia izan zen, eta hainbat herritar eta tabernari izan ziren azalpenak entzuten eta galderak egiten.

Alex Oliden alkateordeak adierazi zuenez, herriko merkatari eta ostalariekin bildu da udal gobernua ordenantza hau eratzeko eta “adostasun handia” lortu dezakeen hitzarmena da osatu dutena. Olidenen hitzetan, “lehentasuna eman zaio erabilera komun orokorrari, eta arreta berezia jarri dugu oinezkoen joan etorriak ez oztopatzeko”.

Hona hemen ordenantzak jasotzen dituen arau batzuk:

-Ostalariek terraza ixteko aukera eskatu zuten, eta ondorioz, hiru terraza eredu ezberdin arautuko ditu ordenantza berriak: mahaiak, aulkiak eta eguzkitakoak bakarrik dituzten terrazak; itxiturarik ez, baina egiturak dituztenak (eguzkitakoen oinarria adibidez); eta azkenik, egiturez gain, itxitura dutenak (terraza zedarritzen duen plastikozko holtza adibidez).

-Inguruarekin estetika bateratua izan beharko du terrazak.

-Honakoa izango da beranduenez terraza ixteko ordutegia:

Udako denboraldian (Aste Santutik urriaren 31ra arte): Igandetik ostegunera 00:30ean, eta ostiral, larunbat eta hau bezperetan 01:00etan.

Gainontzean: Igandetik ostegunera 00:00ean, eta ostiral, larunbat eta jai bezperatan.

-Oinezkoen mugikortasun erosoa ziurtatzeko, oinezkoak igarotzeko tarte librea 1,5 metrokoa izango da gutxienez.

-Gainontzeko merkatariei dagokionez, fruta-denda eta entzerakoek gehienez 1,20 metroko zabalera izango duen egitura bat jarri ahalko dute denda kanpoan, eta paretaren jarraian. Arropa-dendetan egitura fatxadatik bananduta joango da, dendaren zabalerakoa izango da gehienez, eta ez 70 zentimetro baino sakonagoa.

Ordenantzaren aurzkezpenean izandako zenbait herritarrek kezka berezia azaldu zuten araudia nork betearaziko duen jakiteko; ardura hori udaltzainek beteko dutela azaldu zuen Olidenek: “Udaltzaingoak kontrolatuko du hori, baina herritarrek legea betetzen ez dela ikusiz gero, Udalak baliabideak jarriko ditu kexak bideratzeko”.

Oier Kortak (EAJ) desadostasuna azaldu zuen ordenantza osatzeko prozedurarekin eta herritarren iritzia kontutan ez hartzea leporatu zien EH Bilduko kideei; Olidenek, bere aldetik, azaldu zuen Udalak ordezkatu duela ostalariekin izandako bileratan herritarren ongizaterako nahia.

Ordenantzak Udalaren eremuetan dauden terrazak ez ezik, erabilera publikoa duten terrazak ere arautuko ditu. Zirriborroari behin behineko onarpena emateko asmoa du udalak, eta urtebeteren epean indarrean jartzea espero dute.