Martxoak 8 - 2020

“Maila xumean, baina egon egin behar dugu emakumeok elkarrekin, eta hori izan dadila gure indargunea: taldea, gu”

Onintza Lete Arrieta 2020ko mar. 7a, 11:00

Goxoa eta patxadatsua da hizketan Maider Urbieta (Zumaia, 1992). Bizia eta berritsua, Vanessa Arbelaitz (Oiartzun, 1979). Emakumeon Etxeko kide dira biak, baita hura hartzen ari den formaren islak ere.

Batetik, emakumeentzako arreta zerbitzuko dinamizatzailea da Urbieta, gizarte heziketan eta genero berdintasunean aditua. Bestetik, taldearen indarrean sinesten duen herritarra da Arbelaitz. Feminismoak argi bat erakutsi diona, babesa, indarra, “zulo potente batetik ateratzeko”. Emakumeon Etxeak bi aldeak eskaini nahi ditu: zerbitzuak, ikastaroak, harrera, aholkularitza; eta espazio aske bat egoteko, egiteko, hausnarketarako, eztabaidatzeko, elkar zaindu eta goxatzeko… Etxea bera, espazio fisiko moduan, falta da, baina Zumaiako emakumeak ez daude aterperik gabe.

Urtarrilarekin batera zabaldu duzue Harrera Zerbitzua Eusebio Gurrutxaga plazan.

Urbieta: Bai, hala da. Astearte, asteazken eta ostegun arratsaldeetan etor daitezke herriko emakumeak Hogarreko espazio honetara, 16:00etatik 20:00etara. Hau orain zabaldu dugu, baina irailetik ari naiz lanean emakumeen elkarterako. Batez ere barne mailako lanak egiten aritu naiz.

Arbelaitz: Elkartea sortu genuen, Emakumeon Etxearen asmo horri eusteko. Talde txiki bat gara, eta gehienok lanean gabiltza, edo denboraz mugatuta. Gainera, gauzak ondo egiteko beharrezkoak dira profesionalak. Lilatoia antolatzeko bakarrik ere denbora behar da, gestioak egin behar dira. Aurreneko batzarrean aipatu genuen dinamizatzaile bat behar genuela, eta geure artean baldin bazegoen, askoz hobea zela.

Urbieta: Neu taldean nenbilen hasieratik, eta, horrez gain, formazioa daukat berdintasunean eta gizarte arloan. Dena dela, hau ez da behin betiko erabakia. Etxea eraikitzen denean eta martxan hasten garenean, bazkideek erabakiko dute zein bide hartu.

Bazkideak aipatu dituzunez… Urtebetean 250 bazkide lortu ditu Emakumeen Etxeak. Balorazioa ona izango da, ezta?

Urbieta: Oso-oso pozik gaude, noski.

Arbelaitz: Bai, hori zen gure lehentasunetako bat.

Orain, etxea falta. Badu toki eta data zehatzik?

Urbieta: Tokia badaukagu. Udalak lehendik daukan lokal bat egokituko da, obrak egin, eta lortu duguna da Udalaren konpromisoa, 2020an obra horien tramiteak hasteko.

"Beste herrietan, aldiz, berdintasun mahaiak edo antzekoak dituzte, udaletik abiatuta. Horrek baditu bere arriskuak; hau da, ez dugu jokatu nahi udaletxean dagoen alderdiaren arabera"

Emakumeon Etxea kogestionatua izango dela erabaki duzue; Gipuzkoan bakarra dago eredu horretakoa. 

Urbieta: Bai, Donostiakoa izan da orain arte bakarra. Kogestioak esan nahi du kudeaketa udalaren eta elkartearen artean egiten dela. Hitzarmen bat sinatzen dute udalak eta elkarteak, udalak ekonomikoki laguntzen du, eta bertako ekintzen kudeaketa, koordinatuta izan arren, batez ere Emakumeen Etxeak berak egiten du. Donostiakoan, esaterako, ikastaroak, hitzaldiak, etab. elkarteak antolatzen ditu, baina beti udalarekin koordinatuta eta adostuta.

Arbelaitz: Beste herrietan, aldiz, berdintasun mahaiak edo antzekoak dituzte, udaletik abiatuta. Horrek baditu bere arriskuak; hau da, ez dugu jokatu nahi udaletxean dagoen alderdiaren arabera. Guk autonomia maila bat nahi dugu. Egin genituen batzarretan erabaki zen etxea kogestionatua izango zela. Eta Udalbatzak onartu egin zuen hori. Hala, hitzarmen baten bitartez diru-laguntza jasotzen dugu.

Lokalak bete behar dituen gutxieneko ezaugarriak garbi dituzue jada?

Urbieta: Elkarteko bi bazkide arkitektoak dira, eta beraiekin hitz egin genuen beren iritzia eta proposamena jasotzeko. Izan ere, behar dugu diskrezioa mantentzen duen gela bat, baita espazio ireki bat ere ikastaroak antolatzeko, eta zine foruma egin ahal izateko pantaila duen toki bat ere bai. Bi bazkide horiek diseinu eder bat egin ziguten.

Vanessa: Izan ere, jakina da espazioak eragina duela harremanetan eta harreman horiek eraikitzeko prozesuan. Hori kontuan hartuta, kristoren proiektua egin dute bi arkitekto horiek, eta uste dugu Udalak kontuan hartuko duela.

Iaz egindako lana baloratu zenuten urtarrilaren 18ko bazkideen batzarrean. Zein dira ondorio nagusiak?

Urbieta: Iaz, batez ere bi helburu genituen: bazkideak egitea eta Udalaren konpromisoa lortzea. Bietan aurrerapenak egon dira: 250 bazkide lortu ditugu, eta Udalaren konpromisoa ere lortu dugu. Oraindik ez dugu ikusten etxe bat, baina pixka bat bai, urrunean bada ere. Ekintza dezente ere egin ditugu 2019an zehar. Esaterako, Lilatoirako autobusa antolatu, santelmoetan poteoa, eta topaketa Azpeitiko Etxearekin. Jendea ondo erantzuten ari da, eta alde horretatik ere, oso gustura gaude.

Arbelaitz: Geure artean sarea ehuntzen ari gara, eta badugu harremana Asanblada Feministarekin eta Malen Etxearekin. Elkar ezagutzeko beharra eta eztabaidatzeko espazio baten beharra ere aipatu izan dira, eta hor daude Jabetze Eskolak. Harrera Zerbitzua ere jarri dugu martxan: hemen dago beste espazio eta gune feminista bat. Aholkularitza juridikoa eta psikologikoa eskaintzea zen beste helburuetako bat, eta harreman hori ere ari gara lantzen. Norbaitek laguntza behar badu etor daiteke, dei dezake, eta guk harremanetan jarriko dugu behar duen zerbitzuarekin.

Esku artean duzuen informazioaren eta zeuen sentsazioen arabera, non ikusten duzue indargunea, eta non ahulezia, batetik zuen sarea osatzeko lan horretan, eta bestetik, Zumaiako gizarteari dagokionez?

Urbieta: Niri, herritar bezala, bazkide kanpainaren emaitzak sekulako ezusteko ona eman dit. Hain denbora gutxian horrenbeste jende animatu izanak erakusten du indarra eta mugimendua badaudela. Herri guztietan, baina Zumaian, Martxoaren 8an zer mugimendu egon zen ikustea eta zer erantzun eduki zuen… Ikaragarria izan zen.

"Matxismoa hemen existitzen da; gizarte patriarkala hemen ere nabaritzen da, nahiz eta ikaragarrizko indarguneak dauden eta ikaragarrizko aldaketak datozen"

Eta ahuleziak?

Arbelaitz: Gizarte honen parte gara, eta hemen ere bizi ditugu arazo larri asko. Matxismoa hemen existitzen da; gizarte patriarkala hemen ere nabaritzen da, nahiz eta ikaragarrizko indarguneak dauden eta ikaragarrizko aldaketak datozen. Ematen du ez dela indarkeria kasurik jasaten Zumaian, eta oraintxe pasa da Azaroaren 25a: ikaragarriak ziren Kontatu sare anonimoan irakur zitezkeen testigantzak. Mina eta zauria ikaragarria dago.

Jabetze Eskoletan bi ikastaro eskainiko dituzue ekainera bitartean. Bata autoestimuaren eta autoezagutzaren ingurukoa da, eta bestea tratu onari eta erotismoari buruzkoa. Zergatik aukeratu dituzue gai horiek?

Urbieta: Saiatzen gara batzarretan edo bazkideekin ditugun harremanetan ikusten ditugun ahuleziei edo jendeak helarazten dizkigun beharrei erantzuteko formakuntzak antolatzen.

Arbelaitz:. Kultura honek eta sistema honek behartzen gaitu elkarrengandik urruntzera, bakartzera, eta gainera, autolesionatzera. Elkartzen garenean, elkartze soilarekin, hitz egitearekin bakarrik, asko aurreratzen da. Eta beti bukatzen dugu ikusten zeinen garrantzitsua den norberak bere burua zaintzea.

Urbieta: Horrelako ikastaroetan konturatzen zara igual zuk zeure kontua bakarrik zela uste zenuen hori beste emakumeei ere gertatzen zaiela.

Norberak bere burua zaintzeaz hitz egiten duzuenean, denboraz ari zarete hitz egiten?

Arbelaitz: Batez ere ari gara norberak bere burua maitatzeaz, norberak bere burua baloratzeaz, kulpa kentzeaz…

Arlo psikologikotik begiratuta, beraz.

Urbieta: Bai, bai. Baina, aldi berean, zeure burua zaintzeak denbora eskatzen du. Beti besteak zaintzen egonez gero…

"Ematen du sexualitateaz eta plazeraz ezin dela hitz egin, eta beti esaten dugu saiatuko garela hau izan dadin gune feminista bat, gune eraldatzaile bat"

Sexualitatea ere landuko duzue.

Arbelaitz: Beste tabu bat dago hor. Ematen du sexualitateaz eta plazeraz ezin dela hitz egin, eta beti esaten dugu saiatuko garela hau izan dadin gune feminista bat, gune eraldatzaile bat. Hori da helburua. Ez edozer ikastaro egin, egiteagatik.

Urbieta: Askotan, hain tabua izan den gai bat denez, ez dugu geure gorputza ezagutu ere egiten. Eta horrelako ikastaro batekin, hain oinarritik hasi beharrak, erakusten digu benetan non gauden. Hortik normalizatzera, konpartitzera, bizitzako beste esparru bat dela barneratzera pasa behar dugu.

Aurtengo helburuei dagokienez, bazkide kanpainarekin jarraituko duzue, eta etxea fisikoki egiten hasiko zarete. Baduzue beste helburu zehatzik?

Urbieta: Talde motorra deitzen diogun taldetxo bat daukagu, eta aurreko urtean gure indarrak batez ere joan dira bazkidetza kanpainan. Baina gure nahia da hemendik aurrera bazkide egin diren horiek guztiak etortzea hona. Denon etxea izatea nahi dugu, eta norbaitek baldin badu ideia bat hausnarketa talde bat edo ez dakit zeren inguruko talde bat egiteko, aukera izan dezala horretarako.

Arbelaitz: Formakuntza beharrezkoa da, aholkularitza ere bai, eta hemen [Arreta Zerbitzuan] egongo da. Espazio bat, feminista, segurua, egongo da. Baina elkarrekin esperientziak bizitzeko guneak, proiektuak edo ekintzak ahalbideratu behar ditugu. Goazen goxatzera, ukitzera, eztabaidatzera… Helburuetako bat hori ere bazen: espazio bat edukitzea non eztabaidatu, elkar ezagutu, pentsatu, ikasi eta desikasi, eta horretan gabiltza. Eta egon, gure artean egon. Maila xume batean, baina egon. Eta hori izan dadila gure indargunea; taldea, gu. Ez ni, ni eta ni, baizik gu, eta horrek ekarriko du beste guztia.