[ZOZKETA] Anier eta Mad Muaselek Sanagustin Kulturgunean emango duten kontzerturako sarrerak zozkatuko ditugu

Baleike 2020ko mar. 4a, 16:16

Anier rapper bartzelonarrak eta Mad Muasel bilbotarrak kontzertua eskainiko dute larunbat honetan Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean. Emanaldia 22:30ean hasiko da, eta bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu Baleikeko bazkideen artean. 

Hip Hopera kasualitatez heldu zela aitortzen du Anierrek, baina orain zaila izango omen da mugimendu urbanoak Anier albo batera uztea, Bartzelonako rap abeslaria zarata, indarra eta grina ematen ari baita. Anierrek inork baino hobeto babesten du atsekabe emozionala, konfusio zintzoa eta basatia. Bere hitza ez da ezkutatzen, salatu egiten da. Esaldi zuzen eta motzetan, sentimendu pertsonalak eta sakonak barnebiltzen ditu. Anierrek 'Fuego a tregua', 'Carnaza', 'Naugrafos' eta 'Oasis' abestiak kaleratu ditu besteak beste; eta, hiru urtetan milaka bisita izan dituzte bere bideoklipek.

'Mad Muasel', berriz, Bilbon jaiotako dancehall musikaria da. 2008an hasi zen 'Novato'rekin batera. Orduan sintetizagailuarekin soilik ibiltzen zen, baina laster batean abesteari ekin zion. Orduz geroztik ehundaka eszenatoki zapaldu eta milaka hanka jarri ditu dantzan. 2010ean 'Ohlala' lehen bakarkako diska argitaratu zuen. 

Zozketan parte hartzeko aukera hemen dago. Saridunen izenak ostiral eguerdian aterako ditugu.