Martxoak 8 - 2020

'Antolatu indarrak, batu borroka feministara' lelo hartuta, kaleak hartzeko dei egin du mugimendu feministak

Baleike 2020ko mar. 3a, 13:58

Zumaiako Mugimendu Feministak mobilizazioak antolatu ditu Emakumeen Nazioarteko Egunerako. Eguerdian izango da protesta nagusia: 12:30ean hasita, manifestazioa egingo dute herriko kaleetan zehar. 

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, ekintza ugari antolatu ditu Zumaiako Mugimendu Feministak. Antolatu indarrak, batu borroka feministara lelo hartuta, kaleak hartzeko dei egin dute. 

Gauerdian egingo dute lehen mobilizazioa: kazerolada egingo dute, Saregileen plazan. Eguneko mobilizazio nagusia, ordea, eguerdian izango da, 12:30ean, leku beretik hasita. Herriko kaleak zeharkatuko dituzte, borroka feministara batzeko dei eginez. Ondoren, 14:30ean, emakumeon* bazkaria izango da Torreberriko aterpean. Mugimendu feministatik azaldu dutenez, izena zumaiafeminista@gmail.com helbidera mezua bidalita eman daiteke, eta bihar izango da horretarako azken eguna.

Egitaraua

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna
0:00. 
Kazerolada, Saregileen plazan.
12:30. Manifestazioa, Saregileen plazatik hasita.
14:30. Emakumeon* bazkaria. 
18:00. Manifestazioa Donostian.