Ainhoa Balenciaga: "Irrintzirekin daukadan konfiantza ez dut lortu edukitzea beste inorekin"

Sara Ibarguren 2020ko ots. 29a, 09:00
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea

Ainhoa Balenciaga zumaiarrak 13 urte ditu eta txikitatik gustatu izan zaizkio zaldiak. Abenduan, Irrintzi izeneko euskal pottoka batekin lehiatu zen Lasarte-Oriako Miracampos zalditegiko saltoen elkarte arteko lehiaketan eta garaipena eskuratu zuen 50 zentimetroko saltoen proban.

Nondik dator zaldiekiko duzun grina hori?

Txikitatik gustatzen zaizkit zaldiak. Oroitzen naiz Igeldora joaten nintzela ponietan ibiltzera, eta, azkenean, zaldien munduari lotu nintzaion.

Noiz eta nola hasi zinen zaldiekin entrenatzen?

Duela hiru urte hasi nintzen Irrintzirekin entrenatzen. Oso gustura nago berarekin; izan ere, asko aurreratu dugu elkarrekin. Saiatzen naiz batzuetan zaldiz aldatzen, baina berarekin daukadan konfiantza ez dut lortu edukitzea beste inorekin.

Non entrenatzen duzu?

Zestoako Sastarrain baserri eskolan entrenatzen dut, baina Arroa Goian beste pista bat daukate eta hara joaten gara normalean.

Nolakoak dira entrenamenduak?

Oso desberdinak denak. Helene Serrano entrenatzaileak asko laguntzen dit; izan ere, prestatuta ekartzen ditu ariketak koaderno batean. Ariketak batzuetan gogorrak izaten dira eta beste batzuetan errazagoak..., denetik egiten dugu. Zenbaitetan, salto batetik bestera zaldiak zenbat oinkada eman ditzakeen zenbatzen dugu ariketa gisa. Beste batzuetan, kurba itxiak dituen zirkuituak egiten ditugu praktikatzeko, eta noizbehinka klase lasaiak ere egiten ditugu, saltorik gabe.

Zein da zure erreferentea zaldien munduan?

Alberto Zorzi, italiarra. Hura ere txikitatik hasi zen zaldiekin eta pila bat gustatzen zait. Heleneri esker ezagutu nuen, haren bideo bat erakutsi zidan eta uste dut oso bikote ona egiten dutela haren zaldiak eta hark. Harengatik jarraitu nuen zaldiekin entrenatzen.

Abenduan garaipena eskuratu zenuen Lasarte-Orian. Gogorra izan al zen?

Hasieran oso urduri nengoen, ia nire lehenengo aldia izan zen eta. Baina hango zaldiekin alderatuta Irrintzik daukan bizitasuna inork ez dauka, eta, beraz, 50 zentimetroko saltoen modalitatea erraza izan zen.

80 zentimetroko altuerako proban, aldiz, ezbehar bat gertatu zitzaizun. 

Bai, kurba hartu genuen eta hondarra oso zapalduta eta bustia zegoen zaldi asko pasa zirelako handik. Horren ondorioz, Irrintzi atzeko hankarekin irristatu zen eta albo baterantz erori ginen biok; baina berehala altxa ginen lurretik eta proba berriz egin genuenean oso ondo atera zen.

Eskubaloian ere jokatzen duzu. Zein kirol duzu nahiago?

Biak asko gustatzen zaizkit. Eskubaloian talde lana egiten dugu eta lagunekin oso ondo moldatzen naiz, baina zaldiekin aritzean animaliekin duzun kontaktua ere oso desberdina da eta oso gustura joaten naiz.

Nola antolatzen zara denera iristeko?

Larunbatean eskubaloiko partidua baldin badaukat, igandean zaldiarekin entrenatzera joaten saiatzen naiz; eta alderantziz. Hala ere, astean behin edo bi aldiz saiatzen naiz Sastarrainera joaten.

Uste al duzu etorkizunean bietako bat utzi beharko duzula?

Ez dakit, agian bai. Zaldien munduan, “Liga del Norte”-ra joatera proposatu didate. Beste zalditegi batzuetara joan behar da eta hilean behin aste bukaera bat kanpoan igaro beharko dut. Beraz, zaila izango da hori eskubaloiarekin eta ikasketekin uztartzea.