98 neurriz osatutako etorkizuneko plana aurkeztu du udal gobernuak

Juan Luis Romatet 2020ko ots. 25a, 19:29
Argazkiak: Aritz Mutiozabal

Zumaia bizitzeko moduko herria izan dadin egingo dutela lan azaldu zuten gobernukideek pasa den astean Alondegian egindako aurkezpen ekitaldian.

Datozen urteetarako prestatutako Gobernu plana aurkeztu zuen Zumaiako udal gobernuak pasa den ostegunean, Alondegiko Oxford aretoan. 98 neurrik osatzen duten plan hau, eta aurkezpenean zehar dokumentua osatzen duten ardatzak azaldu zituzten (http://bizitzekoda.zumaia.eus webgunean aztertu daiteke plana bere osotasunean).

Plana osatzearekin batera, horren adierazle izango den marka bat ere sortu nahi izan du gobernuak. “Askotan esan izan dugu, gobernura iritsi aurretik, eta gobernuan gaudenetik, Zumaia bizitzeko moduko herria izan dadin egingo dugula lan. Eta hori guztia bildu nahi izan dugu gobernantza marka honetan”, azaldu zuten ekitaldi hasieran. Herritarren bizi baldintzak hobetzeko naurriak hartuko dituztela azpimarratu zuten, eta baita Zumaia herri bizia izateko lana, “kultura arloan zein hezkuntzan. Guzti hori egiteko moduari garrantzia emanda”.

Hala, lurralde antolamenduari dagokionez, ekimen garrantzitsuena Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzea izango dela nabarmendu zuten

Atalez atal laburbildu zituzten Gobernu plan honek jasotzen dituen neurriak. Hala, lurralde antolamenduari dagokionez, ekimen garrantzitsuena Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzea izango dela nabarmendu zuten. Kirol portuko, Artadiko eta Oikiako saneamendu lanekin jarraitzea, Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikina egitea, Erkibe eraikinaren eta Kofradiaren etorkizuneko erabilera erabakitzea, eta udal lokalen zerrenda eguneratzea –”herriko elkarteen arabera erabilera banatzeko”– ere jasotzen dira arlo horretan.

Irisgarritasunaren eta mugikortasunaren arloan, Estazioan, tren geltokirako bidean hobekuntzak egitea, eta espaloiak zabaltzea jasotzen da. Larretxon auzoko irisgarritasun plana diseinatzekotan dira, “bizilagunekin”; eta San Joseko etxebizitzetan igogailuak jartzeko azterketak egiteak planteatzen da. Hirigunea eta Oikia lotuko lukeen bidegorria egitea ere jasotzen du planak.

Larretxon auzoko irisgarritasun plana diseinatzekotan dira, “bizilagunekin”; eta San Joseko etxebizitzetan igogailuak jartzeko azterketak egiteak planteatzen da

Alokairuaren apustua

Etxebizitza politika izango da udal gobernuaren ardatzetako bat datozen urteetara begira. Etxe hutsen egoera aztertzeko diagnostikoa enkargatuko duela aurreratu dute. Etxebizitza bulego bat sortzea ere aurreikusten dute, eta erabilera turistikoko alokairura arautzeko  ordenantza bat prestatzearen alde agertu dira. Etxabeak eta lokalak etxebizitza bihurtzeko araudia eguneratuko dutela ere azaldu zuten aurkezpen ekitaldian.

Torreagan etxebizitza babestuen promozioa eraikitzea jasotzen du planak, eta baita Puntanoetan alokairuko eta babestutako etxebizitza promozio berri bat eraikitzeko prozesua desataskatzea ere. Alokairua sustatzeko “apustua” egingo dutela ere nabarmendu zuen udal gobernuak .

Lan eta tokiko garapen arloan, coworking edo elkarlan zentroa sortzea planteatzen dute, eta baita merkatari txikientzako laguntzak aztertzea ere. Lehen sektorea bultzatzeko, berriz, azoka biziberritzeko aukerak aztertu nahi dituzte.

Zahartzaro duina sustatu asmoz, pobrezia arriskuan dauden pentsiodunentzat diru laguntzak jasotzeko aukera berriak sortzea planteatu zuten

Gizarte politikei berebiziko garrantzia ematen diete. Zentzu horretan, gizarte larrialdietarako apartamentu berriak jartzeko eraikin egokiak bilatuko dituztela aurreratu zuten. Apustu etxeak arautzeko ordenantza bat prestatzeko asmoa ere badute, “egungo problematikari aurre egiteko”.

Zahartzaro duina sustatu asmoz, pobrezia arriskuan dauden pentsiodunentzat diru laguntzak jasotzeko aukera berriak sortzea planteatu zuten, eta baita nagusientzako eguneko arreta zerbitzu berri bat sortzea ere, menpekotasun arriskuan edota menpekotasun maila baxua duten nagusientzat.

Hezkuntzari dagokionez, haurreskola berria eraikitzea jasotzen da planean, “Arrangoletako behin behineko egoerarekin amaitzeko”. Ludoteka kanpoan aterpe bat egin nahi dute, eta, “Herri Eskolako gurasoekin batera”, ikastetxe horretako sukalde eta jantokia berritzeko beharrezko pausoak eman nahi dira. Oikiako eskolan, berriz, patio berria egitea jasotzen da, “auzotarren eskaerak aintzat hartuta”.

Mojaxarren komentua eraberritu eta bertan kulturgunea jartzea da udal gobernuaren apustuetako bat. Aita Mari zinema aretoan berrikuntzak egingo dituztela ere iragarri zuen. Batetik, jabetza eskuratu nahi da, eta eserlekuetan, aireztapenean eta irisgarritasunean beharrezko egokitzapenak egin.

Kirol ekipamenduetan, Lubaki kiroldegiko igerilekua handitzea, ikastaroetarako gela berriak ateratzea eta kantxaren egoera hobetzea jasotzen da plenean. Turismo arloan, berriz, turismo bulegoa eta Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroaren museoa Moilaberriko tren estazio zaharrean kokatzea pentsatzen da.

Hala, lurralde antolamenduari dagokionez, ekimen garrantzitsuena Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzea izango dela nabarmendu zuten

Feminismoa izango da agintaldi honetako beste ardatzetako bat. Emakumeen* Etxea martxan jartzea jasotzen da, “horretarako lokal aproposena eskaini eta egokituz”. Sexu jazarpenari aurre egiteko udal protokoloa lantzea ere aztertzen dute. Emakumeek Zumaiako historian izan duten papera ikusaratzeko ikerketa beka lerroa irekiko dutela ere azaldu dute.