Txori Txikiren jaialdiak emango die hasiera Zumaiako Inauteriei

Baleike 2020ko ots. 21a, 14:05

Mexikoko kultura ekarriko dute Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako ikasle, guraso eta irakasleek Zumaiara. 18:30ean abiatuko da kalejira eta jaialdia Beheko plazan egingo da.

lagunek kolorez jantziko dituzte beste behin ere herriko kaleak, Inauterietako jaialdian. Ez dira mexikar txapelak eta gone luze koloretsuak faltako gaurko kalejiran eta jaialdian. Txori Txikiko Taldea 18:30ean abiatuko da Ubillos jauregitik, eta alde zaharrean barrena Sanjuaniturrira helduko da. Erribera kalera jaitsita, zuzenean Beheko plazara iritsiko dira, eta han egingo dute jaialdia. Dantzak, antzerkiak eta musikak osatuko dute gaurko menua bertaratzen direnen gozamenerako. 

Lehiaketak, larunbatean

Inauteriek larunbatean jarraituko dute. Batzuk goizean goizetik aterako dira kalera mozorrotuta; besteek arratsalde edo iluntzera arteko itxarongo dute janzteko. Urtero bezala, mozorro onenak aukeratzeko lehiaketak egingo dira. 

Haur lehiaketa 18:00etan egingo da, Beheko plazan. Bi sari banatuko dituzte: banakako edo bikoteko onena, eta taldekako onena. Azken honetan bi maila izango dira: 0-8 urteko bitartekoena, eta 9-16 urte bitartekoena. Lehiaketa honetarako izen-ematea egunean bertan egingo da, 17:00etan, Beheko plazan. Lehiakideren batek musika berezi bat eskatu nahi badu, izen-ematean ekarri beharko du.

Gazte eta helduen mozorro lehiaketak 16 urtetik gorakoei zuzenduta daude. Batetik, 18:30etik 21:00etara argazki txokoa egingo da Alondegiko Oxford aretoan. Bertan ateratzen diren argazkiak baleike.eus webgunera igoko dira, eta erabiltzaileek beraien gogokoenak dituzten argazkiak edo mozorroak aukeratu ahal izango dituzte. Bozketa horren bidez erabakiko da herritarren saria. Banakako edo bikote onenak 80 euroko balioa duten erosketa bonoak jasoko ditu; taldekako saria 200 eurokoa izango da, erosketa bonotan. Sariak Gertu merkatarien eta ostalarien elkarteak emango ditu. 

19:30etik 20:30era bitartean, berriz, epaileak ibiliko dira herrigunean zehar mozorro onenak aukeratzen. Banakako eta bikote onenak 80 euroko saria jasoko du, eta taldeak 200 euro.

Pailazoen saioetarako sarrerak

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ez dute hutsik egingo aurten ere. Bizi dantza izeneko ikuskizunarekin etorriko dira Zumaiara, Zumaiena ikastetxeko aretora. Ohikoa den bezala, bi saio izango dira: 15:00etan lehena, eta 17:30ean bigarrena. 

Internet bidezko sarrerak agortuta daude dagoeneko, baina oraindik eros daitezke turismo bulegoan, igande eguerdira arte. Bi saioetarako sarrerak geratzen dira. Bulegoan agortzen ez badira, egunean bertan jarriko dira salgai Zumaienako atean. 

Kartel lehiaketa

Inauterietako kartel lehiaketan parte hartu duten lanak erakusgai daude Alondegiko sarreran. Inguratzen direnek emandako bozkekin erabakiko da herritarren saria. Epaimahaiarena Maria Lopezek irabazi zuen.