Hezurbeltzak taldeak kontzertua emango du bihar Itziarren

Itziarko Auzo Udala 2020ko ots. 13a, 09:17

Eszenatokietan ohikoa ez den eskaintza berezia dakar Jon Maia, Gorka Hermosa eta Pitti musikariek osatutako hirukoteak, ostiralean, 22:30etik aurrera, Burugorri aretoan.

Aurrera darrai neguko kultur egitarauak Itziarren. Joan den astean auzoz auzo santa eskean kopla giroan ibili ondoren, Hezurbeltzak musika taldearen kontzertua dago iragarrita ostiral honetarako Burugorri aretoan, Itziarko Auzo Udalak babestuta.

Hezurbeltzak proiektuak ibilbide luzeko eta nortasun eta izen handiko hiru artista bildu ditu eta bere zuzeneko emanaldietan musika gainditzen duen unibertso propioa sortzen da, konposizio ezberdinak uztartuz. Kantu eta testuetan besteak beste emigrazioa, gizarteko pertsonaia baztertuak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dira, poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz eta atrezzo eta giro bakan baten baitan aurkeztuak. Eszenatokietan ohikoa ez den eskaintza berezia da Hezurbeltzak taldeak dakarrena, ikusleak musikaz haraindi sortutako giroan murgilduaraziz.

Jon Maia Soria bertsolari zumaiar ezaguna da taldeko abeslaria eta letragilea. Musika arloan, hainbat musika talde eta abeslarirentzat egin ditu kantuen hitzak, eta Karidadeko Benta taldearen sortzaile abeslari eta letragilea izan zen. Idazlea, dokumentalgile eta komunikabideetan kolaboratzailea ere bada. Ondoan du Gorka Hermosa akordeoilaria, hainbat konposizio sariren irabazlea. Bere lanak Washington-eko National Opera edo Berlingo Filarmonika bezelako tokietan joak izan dira. Txina, Iran, Hegoamerika eta Europan kontzertuak eman izan ditu. Jesus Prieto ‘Pitti’ gitarrajoleak osatzen du hirukotea. Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan lizentziatua da bera, jazz eta musika modernoan. Gaur egun gitarra akustiko eta elektrikoan irakaslea da bertan. Estatu espainiarreko hainbat eta hainbat talderekin lan egin izan du: Los Secretos, Celtas Cortos, La Cabra Mecánica, Manolo Escobar eta abar.

‘Poblado Tour’ izeneko biraren barruan kontzertu ugari eman ditu dagoeneko Hezurbeltzak taldeak Euskal Herrian eta hor zehar, disko bakarrean grabatutako kantuak aurkeztuz. Horrela iritsi dira azkenean Itziarra. Kontzertua 22:30etan hasiko da Burugorri aretoan, eta 5 eurokoa da sarrera.