Hegaztiak behatzen ikasteko irteera gidatua egin dute gaur goizean

Baleike 2020ko ots. 9a, 15:01
Goizeko irteerako une bat (Argazkia: Gonzalo Torre)

Hezeguneen Munduko Eguna izan berri da, eta horren harira antolatu du irteera Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Haizeak lagundu ez arren, 11 hegazti mota ikusteko aukera izan dute herritarrek.

Adin guztietako herritarrak bildu dira gaur goizean Turismo Bulego aurrean, hegaztiak behatzen ikasteko irteera gidatua egiteko gogotsu. Antolatzaileen esanetan haize handiegia ibili da hegaztiak behar bezala ikusi ahal izateko, baina hala ere 11 hegazti mota behatu ahal izan dituztela azaldu dute.

Euskal Kostaldeko Geoparkeko Gonzalo Torrek gidatu du irteera. Argitasun egokia eta itsasbehera kontuan hartuta ezarri zituzten eguna eta ordua, eta hala, gaur 09:30ean abiatu dira parte hartzaileak hastapen ikastaroa egitera. Hiru orduko ibilaldian, Santiagoko hondartza edo Basadizarra ingurua bisitatzea izan da helburua, eta Torrek hezeguneak ezagutzeko eta hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa eskaini du. Euskaraz eta doakoa izan da ekitaldia.

Argazkiak: Gonzalo Torre

Hezeguneen Munduko Egunaren jatorria

Landare eta animalien %40 hezeguneetan bizi edo ugaltzen da. Hortaz, ekologiaren ikuspuntutik, ingurune hezeak oso leku aberatsak dira, biodibertsitate bereziko eremuak. Bertako bizidunek hezeguneen baldintzei aurre egiteko moldaera asko izan ohi dituzte. Horrez gain, tokiko kliman eragina izaten dute, paisaiari aniztasuna ematen diote, materialak sedimentatzeko tokia izaten dira eta uraren zikloa erregulatzeko balio dute.

Ezinbestekoak diren funtzio ekologiko horiek aintzat hartuta, eta bertako flora zein faunaren garrantzia aitortzeko, hezeguneak kontserbatzeko nazioarteko hainbat hitzarmen daude indarrean, ezagunena 1971ean Irango Ramsar hirian sinatutakoa. Hasieran hegaztiak babesteko zena, denborak aurrera egin ahala ekosistema hezeen balioa azpimarratzeko erreminta bilakatu da, eta horregatik ospatzen da Hezeguneen Munduko Eguna.