Landaola saria jaso du Jaime Zubiak

Baleike 2020ko ots. 7a, 17:04

Landaola Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak gaur eguerdian banatu ditu Landaola sariak Aretxabaletan. Urteetako ibilbidearen saria jaso du Jaime Zubia Zinkunegi zumaiarrak. 

Landaola, Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkartea da. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau, Gipuzkoako sei Landa Garapen Elkartek osatzen dute: Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goi- men, Tolomendi eta Urkome.

Gipuzkoako landa garapeneko proiektuei errekonozimendua egiteko asmoz Landaola sariak ematen ditu. Proiektu desberdinei eman dizkie sariak, eta baita urteetako ibilbideari saria Jaime Zubia Zinkunegi zumaiarrari ere. 

Zubia, jaiotzez zumaiarra (1937-06-17), ikasketaz Nekazaritzako peritua da Nafarroako Unibertsitatean lortutako tituluari esker.

Baserritarren prestakuntza eta nekazari berrien formazioa izan da bere bizitzako lan-arlo nagusia. Zabalegiko Nekazari Eskolan irakasle gisa hasi zen 60ko hamarkadan eta bertako arduraduna izaten jarraitu zuen, helduen formazioan.

Komunikabideetan ere, lan luze eta oparoa egina du. Prentsan zein irratian, Garoa ezizenez hainbat hedabidetan parte hartu izan du, nekazaritzak oihartzuna izan zezan. Loiolako Herri Irratian 60ko hamarkada erdi aldetik hasita aritu da Baserria izeneko irratsaioan, nekazaritza eta arrantza munduari loturiko Sustrai aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kide izan da, 2010 urtera arte Gipuzkoako Herri Irratian egon da eta gaur egun, Onda Vasca irratian aurkitzen da. Guztira, hemengo baserritarrei Europako, Espainiako, Euskal Herriko zein Gipuzkoako albiste jakingarrien berri eta mundu horretan sortu izan diren proiektu interesgarri guztien informazio ahalik hurbilena emanez daramatza 50 urte inguru.

Horretaz gain, zenbait lanen egile edo partaide ere bada, hauen artean Nuestro Trabajo Oscuro (1964) eta El caserío rentable (1969) aurkitzen dira.

Arlo politikoari dagokionez, Jaime Zubiak Gipuzkoako Foru Aldundiko bi agintaldi ezberdinetan ardura politikoa izan du. Lehena, 1987-1991 urte bitartean, Nekazaritza eta Arrantza saileko Foru Diputatu bezala eta bigarrena, 1999-2003 urte bitartean Nekazaritzako zuzendari bezala.