Irune Aranguren Barragan: “Harritu nauena da zenbat gazte eta nerabe etortzen diren kontsultara”

Onintza Lete Arrieta 2020ko ots. 9a, 09:00

Psikologia sistemikoan sinesten du Irune Arangurenek (Zestoa, 1987); alegia, pertsona sistema baten barruan ulertu behar dela lagundu ahal izateko.

Pazientearen erritmoa errespetatzea da beretzat gakoetako bat, eta kontsulta Zarautzen eduki arren, Zumaian Death Cafe saioak antolatzen ditu.

Zergatik psikologia sistemikoa?

Zergatik? Bada, ez delako pertsonarengana mugatzen. Pertsona bere inguruarekin, familiarekin, lagunekin, aztertzen du.

Zer kontatzen dizute zure pazienteek gaur egungo gizarteaz?

Harritu nauena da zenbat gazte eta nerabe etortzen diren kontsultara. Badirudi denetik dutela, ez zaiela ezer falta, baina galduta sentitzen dira, eta bizitzari zentzua aurkitu nahian eta ezinean dabiltza. Garai batean bizitzan eman beharreko pausoak oso zehaztuta zeuden, horiei jarraitzen zieten, eta kito. Gaur egun gazteek dituzten aukerak mugagabeak dira, eta aukera horien artean galduta sentitzen dira, eta ez daude ondo. Gainerakoan, betiko arazoak hor daude: antsietateak, estresa lanagatik, dolua...

Botikak ala kirola lehenago?

Botikak edo kirola, kirola beti bai erantzungo nuke; eta botikak, batzuetan. Inportantea iruditzen zait esatea botikak behar direnean behar direla. Hau da, kasu batzuetan oso beharrezkoa da medikazioa hartzea lo egiteko edo egunerokoari eusteko. Baina ez da ona ez automedikatzea, ez medikazio erraza. Gainera, botikek bakarrik ez dute ezer konpontzen. Botikak eta psikoterapia, edo botikak eta familiarekin asko hitz egin, edo zerbait behar da.

Zerk betetzen zaitu gehien zure lanean?

Paziente batekin lanean aritu eta bat-batean guk inside esaten dioguna gertatzea; hau da, errebelazioa edukitzea edo konturatzea zerbaitez, barruan egin duen klik horrek aldaketa ekarriko diolako eta hobeto egongo delako. Betetzen nau ikustea on egiten diela hona etortzeak.

Pertsona bakoitzaren erritmora joan beharrak mingainari kosk askotan egitea al dakarkio psikologoari?

Pazientearen erritmotik egiten dut lan, horretan sinesten dut. Egoera baten aurrean nik zerbait argi ikus dezaket, baina nik ikusten dut; pazientearen errealitatea berak daki, berak daki zein den bere bizitza. Nik ditut erremintak, eta patroi batzuk ikus ditzaket, baina ni aurreratzen banaiz, ez dut ahalbidetzen pazientea ere puntu horretara iristea. Hortaz, koska mingainari? Niretzat ez da kosk egitea, nire ustez horrela egin behar da lan. Batzuek ez dute horrela egiten eta hori ere ondo dago, baina nik argi daukat.

Zer da gauzarik zailena?

Gehien kostatzen zaidana da norbaiti ezetz esatea. Gertatu izan zait paziente batek egoera bat planteatzea eta nik sentitzea profesionalki ezin diodala erantzun, edo pertsonalki afektatzea zerbaitek, edo pertsona horren perfilak txoke egitea nire sinesmenen batekin. Horrelakoetan ezetz esan behar da, eta zaila da.

Atetik sartzen dena zure ezaguna bada?

Nire zirkulukoa baldin bada, ezin dut bera paziente bezala eduki. Kode deontologikoak ez du uzten, eta, gainera, ez dauka zentzurik, ezingo baita ondo lan egin. Bistaz bakarrik ezagutuz gero, ez dago arazorik.

Besteei laguntzeko, norberak behar du laguntza?

Nire iritziz psikologoak psikologoa behar du. Profesionalki, beste profesional batek errebisatu dezan zure lana. Pertsonalki, ez denbora osoan, baina norbere burua lantzeko.