Mexiko izango du gogoan Txori Txikik, Inauterietako jaialdian

Baleike 2020ko ots. 6a, 20:00

Mexikoko kultura koloretsua ekarriko du Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak otsailaren 21ean egingo duen jaialdian. 13. jaialdia du aurtengoa, eta, ohikoa denez, kalejira eta ikuskizuna izango dira herriko kaleetan. 

Otsailaren 21ean, ostiralean, egingo du Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak Inauteri jaietako aurtengo jaialdia. Piratak eta Asterix, Lantzeko inauteriak eta martxoko feria izan dira, besteak beste, aurreko jaialdietan jorratutako gaiak. Aurten Mexikoko kultura koloretsuaz jantziko dira eskolako ikasleak, irakasleak eta gurasoak. 

Kalejira 18:30ean abiatuko da Ubillos jauregitik, eta alde zaharrean barrena Sanjuaniturrira helduko da. Handik Beheko plazara hurreratuko dira Erribera kaletik. Bertan egingo dute ikuskizuna.

Kalejira prestatzeko entseguak egingo dituzte, otsailaren 17an eta 20an, 17:00etatik 17:30era, Torreberrin. Entsegu hauek herritar orori daude zabalik. Jantzi tailerra ere egingo dute, 18:00etatik 19:00etara bitartean, Musika Eskolan.

Dantzako ikasleak ari dira Mexikoko musikak eta dantzak ezagutzen Alain Maya irakaslearen eskutik. Irakasleak aurten ere plazara aterako dira dantzara. Iaz flamenkoa dantzatu zuten, eta irakasle bat izan zuten dantza horiek erakusten. Esperientziarekin gustuta geratu ziren, eta aurten gurasoei ere ateak zabaldu dizkiete. Guztira 30 edo 35 lagun aterako dira plazara, dantzatzera.

Ez da Inauteri hauetako berrikuntza bakarra izango. Astelehenean Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi dantza ikuskizuna ikusteko aukera izango da Zumaienako aretoan, bi saiotan. Txori Txikiko dantzari talde batek ere parte hartuko du bi saioetan.