Bigara: "Proiektu honekin esan daiteke hizkuntza etxekotu nahi izan dugula"

Juan Luis Romatet 2020ko ots. 5a, 18:41

Bigara sormen tandema osatzen duten Itziar Aranburuk (Donostia, 1975) eta Jon Ander Garcia (Zumaia, 1977) Abere ba. Palindromo ilustratuen piztegia liburua argitaratu berri dute Pamiela argitaletxearekin. 

Donostian egin dugu topo liburuaz hitz egiteko, Alde Zaharreko kafetegi batean.

Palindromoen liburu bat atera duzue. Nola sortzen da ideia?

Itziar Aranburu: Bageneraman urte batzuk zertxobait idazten. Palindromoek badute izaera bat, eta da simetrikoak direla. Ikusi genuen animalien izenek buelta emateko aukera ematen zutela. Berezia zela ikusi genuen, eta horrela hasi ginen, jolas moduan. Hitz askori eman daiteke buelta, baina beste askori ez. Animalien kasuan oso garbia zen.

Irudiekin jantzi duzue liburua.

I.A.: Izaki bizidunak izanda, haien irudia bilatzen hasi ginen. Aukera bat zen irudi simetrikoak egitea, palindromoaren eta kapikuaren ideia hori errepikatzeko. Baina hor beste bide bat hartu genuen, eta izan zen letretan bertan animalien figurak aurkitzea. Aker hitzean, adibidez, a, k, e edo r letratan aurkitu behar genuen animaliaren figura hori. Gero, hitzen artean sortzen den lotura edo harreman horri hiztegi forma ematea erabaki genuen, animalia horiek literaturan, mitologian, beraien onomatopeiatan dituzten oihartzunean oinarrituta. Zentzu horretan, bilduma puntu bat ere badu.

Zenbat palindromo, zenbat irudi bildu dituzue?

I.A.: Animaliekin egindako palindromoak 101 dira. Gero, tartean, esaldi palindromoak ere sartu ditugu.

Liburuaren formatu berarekin ere jokatu duzue.

Jon Ander Garcia: Bitxikeria bat da, liburua bera palindromoa delako. Aurretik eta atzetik azal bera du. Sarrerako atalak errepikatzen dira: hasieran seme-alabei dedikatuta, eta bukaeran gurasoei. Aurkibidea, hasieran Atik Zra du, eta beste aldean Ztik Ara...

Abiapuntu bezala hartuta, beste bertsio bat egin daiteke beste hizkuntza batean, baina garbi dago ezin dela itzuli.

Erraza egin al zaizue hitzekin jokatzea?

J.A.G: Esan daiteke lau hitz mota daudela. Hitz beraiek palindromoak direnak: ama, aisia, zurrumurruz. Gero, badaude bi hitz bata bestearen aurrean jarrita palindromoa osatzen dutenak: nekez-zeken, erru-urre, oilo-olio. Hirugarren hitz batzuk daude laguntzaile moduan funtzionatzen dutenak. Eta laugarrenak dira ezinezkoak direnak!

Liburua euskaraz da. Beste hizkuntzaren batean probatzeko asmorik ba al duzue?

I.A.: Begiratu genuen ea animalien kontu honek euskaraz bakarrik funtzionatzen zuen. Agian, abiapuntu bezala hartuta, beste bertsio bat egin daiteke beste hizkuntza batean, baina garbi dago ezin dela itzuli. Ez palindromoetan bertan ezta marrazkietan ere. Oilo bat marrazteko o hizkia erabili dugu, adibidez, baina ‘gallina’ hitzak ez du o-rik, beraz marrazki horrek ez luke balioko. Gero, bestalde, euskara da gure hizkuntza naturala, euskaratik sortu dugu liburua euskararako.  

Denbora asko al daramazue palindromoekin lanean?

J.A.G: Proiektu honekin hiruzpalau urte goaz. Baina, aspalditik genuen interesa. Irudietan palindromoak aurkitzen saiatu ginen hasiera batean. 2001. urtean egin genuen obra batek Palindromo izena zuen; sakeleko bi telefonorekin kakalardo bat iruditzen genuen.  

I.A.: Konturatu gara duela hogei urteko instalazio batzuetan ere horrekin jokatzen genuela. Ura edo kristala erabiltzen genuen, atzeko partean testuak jartzen genituen, eta elementu horiekin bira ematen zitzaien testu horiei. Garai hartan horrekin jokatzen genuen, baina gu horren kontziente izan gabe.

Liburua atera duzue dagoeneko. Proiektua dagoeneko amaitutzat eman al duzue?

J.A.G: Ixten joan gara. Pamiela argitaletxearekin hitz egin eta datak jarri genituen, eta hor ikusi genuen bukatu beharra genuela.

I.A.: Proiektua data kapikuaren inguruan martxan jartzea polita zela ikus genuen [2020ko otsailaren 2a egun kapikua da mundu mailan: 20200202]. Baina bukatu... nik uste honekin jarraitu dezakegula; oraindik buelta asko eman daitezke. Adibidez, ahots mailan. Gure webgunetan –bigara.info eta abereba.eus– badugu esperimentatzen jarraitzeko asmoa. Horretarako abiapuntu bat izan daiteke hau.

Nik uste honekin jarraitu dezakegula; oraindik buelta asko eman daitezke.

Zuen obraren barruan non edo nola kokatzen da liburu hau.

J.A.G: Sekula ez dugu izan jarraitasun bat gure obran. Eskultura, performanceak, argazkiak... denetik egin dugu, eta denetik egiten jarraitzen dugu. Nahi duguna azaltzeko egokiena den forma aukeratzen dugu. Momentu batean liburu bat izan daiteke, beste batean instalazio bat.

I.A.: Batez ere idaztearen aldetik egon daiteke aldea. Sortzeko sistema agian antzerakoa da beti, baina hitzak erabiltzea irisgarriagoa iruditu zait; hitzak barrenean daramatzagu beti. Onerako eta txarrerako. Sormen hau ez dugu abiatu esanahi bat aurkitu nahiagatik, esanahia atzetik etorri da. Liburu honetan abereak erabili ditugu, eta abereak etxekotutako animaliak dira. Esan daiteke guk hemen hizkuntza etxekotu nahi izan dugula.

Liburuarekin lotuta, erakusketa bat duzue San Telmo museoan, otsailaren 29ra arte.

J.A.G: 11 abere kapikua izena du erakusketak. Liburua bukatzen ari ginela museoarekin harremanetan jarri ginen, eta interesgarria iruditu zitzaien bertako erakusketa iraunkorrari bizitasun bat ematea. Liburuko 11 animalien egurrezko figurak sortu ditugu, eta erakusketa iraunkorrean tartekatu ditugu. Joko bat proposatzen diegu hurreratzen direnei. Leku jakin batzuetan egurrean erretako palindromoa, animaliaren irudia, eta zenbaki bat daude. Irudi bakoitza letra batetik eratorria dago, eta jendeak topatu behar du zer letra den. Letra hori orritxo batean apuntatu behar dute zenbakien ordenean, eta hor esaldi palindromo labur bat agertuko da. Asmatzen dutenen artean 11 liburu zozkatuko ditu museoak.

Erakusketa bera joko bezala ikus daiteke. Une jostagarri batean aurkitzen al zarete?

J.A.G: Proiektua egitea bera jolasa izan da. Broma eta ironia badago. Ikusten genuen proiektuak bazuela tonu jostagarri bat.