Marco Salazarrek eta Nerea Goikoetxeak irabazi dute beroak baldintzatutako txakurkrosa

Baleike 2020ko ots. 2a, 14:52

Zumaiako IX. txakurkrosa ez jokatzeko arriskua izan da gaur goizean, beroa dela medio. Azkenean, atera dira korrikalariak eta txakurrak, baina aurreikusitako ibilbidearen laurdena besterik ez dute bete.

Bero handiarekin esnatu da eguna Zumaian, eta horrek arriskuan jarri du txakurkrosa jokatzea. Araudiaren arabera, 20-22 graduko tenperatura baino gehiago egiten badu, proba ez da jokatuko, txakurraren osasuna arriskuan ez jartzeko. Proba azkenean jokatu dute, baina bi kilometro besterik ez dituzte korritu korrikalariek eta haien txakurrek –zortzi kilometro korritu behar zituzten hasiera batean–.

Lasterketan izena eman duten parte hartzaileak txandaka atera dira Aitzuri kaletik, 15eko multzotan –seiko taldetan aterako ziren baldintza normalekin–. Basustagainera heltzean buelta eman eta helmugara itzuli dira; eta konturatzerako bueltan izan dira parte hartzaileak.

Zumaiako IX. txakurkrosaren irabazlea, gizonezkoetan, Marco Salazar errenteriarra izan da, Tito txakurrarekin. 7:20 denbora egin du irabazleak. Bigarren Jurgi Etxabe zumaiar juniorra izan da, Pegasso txakurrarekin (7:26), eta hirugarren Pedro Etxeberria zumaiarra Ray txakurrarekin (7:41). Nerea Goikoetxea aramarra izan da irabazlea emakumezkoetan, Gar txakurrarekin. 8:58 denbora behar izan du bi kilometroak egiteko. Bigarren Oihana Agirre izan da, Sua txakurrarekin (9:05) –bera izan da lehen zumaiarra–, eta hirugarren Lezoko Aida Males Dylan txakurrarekin (9:14). Bigarren zumaiarra Nagore Gallastegi izan da, Kini txakurrarekin (9:18).

Gaur jokatutako probako denborak eta sailkapenak hemen daude. 

Argazkiak: Javi Salvador eta Juan Luis Romatet