Erretratua

Uhinen artetik, Jon Garcia

Maria Maya Manterola 2020ko ots. 2a, 08:40
Ilustrazioa: Irene Irureta eta Karmele GorroƱo

Musikaren mundura sortzaile moduan gerturatu zen hasieran Jon Garcia. Haurra zela ikasi zuen gitarra jotzen, 9 urterekin. Gerora, ordea, musikaren alde ez hain ikusgarriak erakarrita, lehen grabaketak egiten hasi zen bere kabuz, ordenagailuan lan horiek egiteko atera ziren lehenbiziko programekin. Argentinan formakuntza profesionala jaso zuen, estudio pribatu batean. Hala eta guztiz ere, bere kabuz eta gainerako ofizioko kideen irakaspenei esker trebatu da ofizioan.

baten lanak soinuarekin zerikusia duen guztia biltzen du. “Ez du zerikusirik zuzeneko soinuak estudioko grabaketekin edota telebista programetako soinu teknikarien lanarekin”. Gertutik berretsi ditu Garciak ofizioaren askotariko lan horiek. Hain zuzen ere, zuzenekoetan, telebistako programetan eta estudioetan egin du lan.

Musika produktoreentzat lan egin du, baina autonomoa izan da beti. “Arraroa da kontratua egitea, produktoreek ez dakitelako bihar lana emango dizuten ala ez”. Batzuetan, egun batetik bestera ere deitu izan diote: “Bihar nola hago?”. Huntza musika taldeak, esaterako, datorren urtean bira bat egin behar badu, esan diezazuke: “Datorren urteko biran gurekin etortzea nahi dugu, teknikari lanak egitera”. Hilabete batzuetarako lana ziurtatu arren, ezin izaten die bestelako lanei muzin egin. “Beste disko bat grabatzeko geldialdia egin behar badute, salduta zaude”, dio. Horregatik uztartu izan ditu ofizioko lan ezberdinak. Telebista albo batera utzi du lan gehiago atera baitzaizkio, baina, haren hitzetan, une batzuetan eskaintza guztiei baiezkoa eman beste aukerarik ez du.

“Bakoitzak bere lekua bilatzen du, espezializatu egiten da, eta horretan da ona. Zaila da guztia kontrolatzea”, nabarmendu du. Zuzenekoetan aritzea du Garciak maiteen. Musikariekin batera bizi duen zerbait da, azaldu duenez. Taldeak transmititu nahi duen hori transmititzen laguntzea da bere lana: “Ez zara nahasketa perfektu baten bila joaten, diskoen grabaketan gerta daitekeen bezala. Sentsazio bat ematen saiatzen zara”. Efektu ezberdinak erabiltzen ditu horretarako: kantariak oihu egiten duenean soinua luzatzea, danborrak gogorrago entzutea... soinu horiek desorekatuta egon daitezke, baina jendearengan erreakzio bat sortzeko asmotan apropos egiten du.

Nik lan eta hik jai

Ohiko ordutegietatik kanpo lan egitea dakar sarritan soinu teknikariaren lanak. Ofizioa gustuko duenez, ez dio gehiegi axola izan Garciari; ordea, aitortu du bizitzako gainerako esparruekin uztartzea zail dela. Haren hitzetan, ez dute beren bizitza antolatzeko aukerarik. Ekipoak muntatzen aritzen direnen lana iruditzen zaio gogorrena: “Lehenengo zu iristen zara, guztia muntatu behar duzu, eta kontzertua amaitzean, jaso”. “Astakeria bat” da lan hori, Garciak dioenez. Batzuek uste dute lana pagotxa dela, askok lan egin beharrean parrandan aritzen dela uste dutelako.

Estudioetan egunez egiten da lan gehien, baina ez dute aukerarik izaten ordutegi baten arabera antolatzeko: “Horretara iristeko, maila ona izan behar duzu. Bestela, musikarien ordutegiek agintzen dute”.

Oholtzatik kanpo

Musikaren mundua nolakoa den ez dakienak oholtza gainean dagoena soilik ikusten du. Garciaren arabera, normala da hala izatea: “Jendea kontzertua ikustera joaten da, eta horixe da ikusten duena. Ez dute imajinatzen horretarako zenbat jende mugitzen den eta zenbat denbora behar den”. Elkarrizketarako argazkien bila hasi zenean berretsi zuen Garciak susmo hori: “Ez nituen argazkiak topatzen. Nork egiten dio argazki bat lanean ari den soinu teknikariari?”. Askotan jendeak ez du soinu teknikaria zertan ari den jakin ere jakiten. Lanean ari zela, abestiak eskatzera ere gerturatu izan zaizkio. Musikariak dira alde ez hain ikusgarri hori ikusarazteko lana hartzen dutenak: “Kontzertua amaitzean aipatu izan naute, eskerrak emateko”.

Taldekideekin harreman ona izatea ezinbesteko osagaia da Garciarentzat. Zentzu horretan, ez du esperientzia txarrik gogoan: “Voltaiakoak lagunak ditut aspalditik, Anestesiarekin ere aritu izan naiz, Rural Zombies taldearekin ere bai...”. Garciak gogoan du The Baboon Show talde suediarrarekin lan egiteko deitu zioten lehen aldi hura. Donostiako Aste Nagusian zuten kontzertua, Piraten Flamenka gunean. Ingelesez nola edo hala moldatzen da Garcia, eta horrek urduritu zuen. Soinu proba egiteko eszenatokira igo, hamar minutuz guztiak batera jo, jaitsi, eta nahikoa zela esan zieten taldekideek. “Arazorik baduzu, kontzertuan bertan konponduko duzu”, esan zion gitarra jotzaileak. Gehiago ezagutzen du orain musika talde suediarra, eta txantxetan aritzen dira egun hartako gertaerekin. “Oholtza gainera igo, guztia konektatu, ezertxo ere jo gabe deskonektatu, eta bueno Gartxi, listo esango didatela diote. Nahikoa barre egin dugu ordutik”.

Aurrez aipatutako taldeekin bakarrik ez, Soziedad Alkoholika taldearekin ere aritu izan da lanean. Kasu horietan, edozein lekutara sar zaitezkeela dio Garciak, “Jainkoa bazina bezala sentitzen zara”. Talde xumeagoekin, ordea, gertatu izan zaio aretotik irtetea, eta berriz ere sartzen ez uztea.

  • Adina: 40 urte.
  • Ikasketak: programatzailea.
  • Lanbidea: soinu teknikaria.
  • Soinu teknikaria ez banintz... programatzailea.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... musika jotzea.