Hezegunea sortzeko lan saioa egin dute gaur Joxe Mari Korta industrialdean

Baleike 2020ko ots. 1a, 16:04

Ur gezarako putzu bat egokitu dute Joxe Mari Korta industrialdetik hurbil, Garbigunea eta Urola ibaiaren artean. Behin putzua sortuta, zuhaitzak landatu dituzte gaur haren bueltan. Inguru horretan hezegune bat sortzea da lan hauen helburua. 

Putzua orain hilabete batzuk zulatu zuten Garbigunetik hurbil; geruza bat jarri zuten ura ez iragazteko, eta dagoeneko hasi da euri ura jasotzen. Etorkizun batean, behin putzua betetzen denean, hezegune bat sortu nahi dute bertan, ekosistema horretan anfibioak edota intsektu mota batzuk bizi daitezen. 

Behin potzua egokituta, haren inguruan zuhaitzak landatzeko auzolan saioa antolatu du Udalak. Elgoibartik edo Zizurkildik etorritako lagunak inguratu dira auzolan honetara. Hogei zuhaitz landatu dituzte, Aranzadiko kide Jon Garinen gidaritzapean. Haritzak, erramuak, hurritzak eta sahatsak, besteak beste. "Zuhaitz hauekin itzala sortu nahi da potzuaren inguruan. Bestela, ura lurrunduko da eta", azaldu dute.

Potzua egokitu duten leku hori hezegunea zen orain hamarkada batzuk. "Autobidea  egin zutenean, handik ateratako lurra eta harriak gune honetan pilatu zituzten. Joxe Mari Korta industrialdea ere inguruan sortu zuten", gogoratu dute. "Ibaia bideratu zutenean inguruan zeuden hezeguneak lehortu egin zituzten, eta horregatik pentsatu dugu leku egokia izango zela putzu hau egokitzeko", azpimarratu du Garinek. 

Hezeguneen nazioarteko egunaren bezperan egin dute gaurko zuhaitz landatzea. "Hezeguneek fama txarra izan dute historian zehar. Gaixotasuna hedatzen laguntzen zutela zioten batzuek, eta asko eta asko lehortu egin zituzten", azaldu du Garinek. 1971n hitzarmen bat sinatu zuten Iranen hezeguneak gordetzeko, eta ordutik otsailaren 2a hezeguneen nazioarteko eguna da.

Ekimen hau, Urola Itsasadarreko paduren kontserbazio eta berreskuratze lanen proiektuaren baitan kokatzen da.