Igandean jokatuko da Zumaiako IX. Txakurkrosa

Baleike 2020ko urt. 31a, 17:47

Igande honetan, hilaren 2an, jokatuko da Zumaiako bederatzigarren txakurkrosa. Izen-emate epea bihar goizeko 11:00etan itxiko dute.

Ohi bezala, Alai auzategian kokatuko dute lasterketaren irteera eta helmuga, Victoriano Arrate etorbidean, eta zirkuitua Basustagainean atonduko dute. Parte hartzaileek 8.300 metroko ibilbidea osatu beharko dute. Lehian hasi aurretik, ordea, albaitaritza kontrola gainditu beharko dute 09:00etatik 10:30era.

Izenak emateko epea oraindik zabalik dago herrikrosa.eus webgunean. Federatuek 15  euro ordainduko dituzte eta federatu gabeek 18 euro. Izena emateko epea larunbatean goizeko 11:00etan itxiko dute Interneten. Egunean bertan 09:00etatik 10:00etara bitartean eman ahal izango dira, baina kasu horretan 20 euro ordaindu beharko dute federatuek eta 23 euro federatu gabeek. Dortsalak lasterketako egunean banatuko dituzte Victoriano Arrate Etorbidean, 09:00etatik 10:30era. Oraingoz 72 lagunek eta beste hainbeste txakurrek eman dute izena. 

ondoren, haurrentzako saioak egingo dituzte. Haurrek txakurrekin korrika egiteko aukera izango dute 12:00etatik aurrera. Izena unean bertan beharko da, euro baten truke. Sari banaketa ekitaldia 12:30ean egingo dute, eta lehen hiru emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat ez ezik, gazteentzat, nagusientzat eta beterano A eta B mailakoentzat sariak izango dira.