'Ongi Etorri Euskararen Herrira' proiektua aurkeztu du UKUEk Fiturren

Baleike 2020ko urt. 26a, 17:14

Euskara eta euskal nortasuna izango ditu ardatz Urola Kostako aurtengo turismo-eskaintzak.

Ongi Etorri Euskararen Herrira lelo hartuta, turismoan euskarari dagokion balioa emateko ekimen berritzailea aurkeztu dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan. Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak eta Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendariak  azaldu zituzten 2020ko turismo kanpainaren nondik norakoak, eta nabarmendu zuten euskara Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako "kultur ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarri" izanik, euskara eta euskal nortasuna izango dituela ardatz aurtengo turismo-eskaintzak.

Hala, lanketa berezia egingo dute Uemarekin elkarlanean, turismo sektoreko eragile guztiekin, herriz herri. Bisitariei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo dutela lan. Izan ere, egitasmoarekin bat eginez, "euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina ere izango da proiektua bertakoentzat". 

Urola Kosta euskararen arnasgune
Europako hizkuntza bizi zaharrena da euskara eta, era berean, Urola Kosta osatzen duten bost udalerriak euskaren arnasgune direla ere nabarmendu dute UKUEtik. "Hala, bi helduleku horietatik abiatuta garatuko dugu 2020ko eskualde mailako turismo-eskaintza. Bisitariei herri euskalduna garela erakutsi eta euskara ezagutzeko aukera emango diegu, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten". Egitasmo berritzailea dela azpimarratu dute Urola Kostako Udal Elkartetik, "lehen aldiz uztartuko baitira turismoa eta euskara".

Horrez gain, eskualdeko herritarrei begira ere abiatuko dute kanpaina. "Herritarren arteko euskarazko harremanak areagotzea ere badu helburu proiektuak, eta turismo sektoreko eragileen artean sentsibilizazio lana egingo dugu". Otsailean zehar, eskualdeko ostalari, merkatari eta zerbitzuetako arduradun eta langile guztiak sentsibilizazio saioetan parte hartzera gonbidatuko dituzte. Aurrez aurreko 12 sentsibilizazio eta formazio saio egingo dituzte martxoan zehar, herriz herri. "Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpinaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko diegu turismo arloan lan egiten duten eragileei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko dugu".

Egitasmoaren jendaurreko aurkezpena martxoaren amaieran egitea aurreikusi du UKUEk, eta orduan zehaztuko dituzte Aste Santuetatik irailera bitartean Urola Kostako herrietan egingo diren lanketa, ekimen eta kale-ekintza guztiak.