Irudietan: Ikusgai dago 'Hitza ta irudia bata' erakusketa

Baleike 2020ko urt. 25a, 09:00

J.M. Sesma ilustratzaileak eta Leire Alvarez diseinatzaileak ondu dute erakusketa artistikoa. Alondegiko Oxford aretoan egongo da ikusgai egunero 18:00etatik 20:00etara, otsailaren 9a bitartean.

Ilustrazio zuri-beltzek hartuko dute datozen egunetan Alondegiko Oxford aretoa. Gaur inauguratu dute Hitza ta irudia bata erakusketa, eta ikusgai egongo da otsailaren 9a arte. Lau zatitan banatuta dago instalazioa: drogak, bakardadea eta beldurrak; zahartzaroa eta bizitza; natura, eta bakardadea. Zuri-beltza da nagusi ilustrazioetan, eta erakusketari osotasuna emateko musika eta usain konkretuekin egokitu dute aretoa. Leire Alvarez instalazioaren ardurardunak azaldu duenez, "sentsazioak" bilatu nahi izan dituzte horiekin.  

Ikuslea hausnartzera bultzatu nahi du erakusketak. Hori dela eta, JM Sesma ilustratzaileak ez du sorkuntzen inguruko azalpenik eman, haren ustez, hartzaileak interpretatu behar duelako parean duen hori. Horrekin lotuta, hala irakur daiteke ilustrazioetako batean: "Ni ez naiz inor nitaz hitz egiteko".