Julen Garcia: “Nire abestiekin mezu positiboak eta maitasuna zabaltzen saiatzen naiz”

Juan Luis Romatet 2020ko urt. 26a, 12:00
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Lo mío pa’ti izeneko diskoa argitaratu berri du Julen Garcia zumaiarrak. Aspaldidanik gogoko du hip hopa, eta jazzarekin, soularekin edota r’n’b erritmoekin nahastu du bakarkako lehen disko honetan. Urtarrileko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Gasteizen bizi da Garcia, eta hiriko Corazonistas ikastetxean ematen dizkie musikako klaseak DBHko ikasleei. Gasteizko Dapp jazz klubean jarri dugu hitzordua. Euriz blai eginda esnatu da eguna Arabako hiriburuan. Julen presaka dator; eskolan eguneko lana amaitu du, eta irribarretsu heldu da elkarrizketara. “24 urte... dagoeneko! Niri asko iruditzen zait, azkarregi doa”, dio umoretsu adina galdetzean.

Une honetan irakasle zara Gasteizen.
Bai, Madrilen nengoen musika ikasten, Kontserbatorioan, Musica Creativa eskolan. Jazza ikasten egon naiz azken bi urteotan, eta lan egiteko aukera atera zen hemen, Gasteizen, DBH2 eta DBH3ko ikasleei musika erakusten. “Banoa!”, pentsatu nuen. Musika kontuengatik Madrilera joan behar dudanerako nahiko gertu dago Gasteiz. Oso gustura nago, ikasleak ere oso jatorrak dira. Esperientzia polita ari da izaten, ilusio handia dute ikasleek, eta etxera beti poz-pozik bueltatzen naiz.

Beraiek gustuko duten musika ematen saiatzen naiz, ez guri erakutsi zigutena, txirularekin Titanic jotzea eta halakoak. Haiek eskolatik ateratzen direnean entzuten duten musikak ez du zerikusirik txirularekin abesti hori jotzearekin. Horrela ezin da musika ikasi. Saiatzen naiz musikako eduki guztia gaur egungo musikarekin ematen, batez ere, galdetuta zer musika mota gustatzen zaien. Bakoitzak ordenagailu bat du, eta doako musika programak erabilita beraien abestiak egiten dituzte. Zerbait dinamikoa izatea nahi dut. Musikako teoria gustuko duten musikarekin emanda, askoz ere errazago ulertzen dute.

Garrantzitsutzat jotzen duzu, beraz, beraiek gustuko duten musika erabiltzea.
Hori da. Inportantea da hori. Nik uste dut irakasle guztiek, bai musikakoek, baita beste ikasgaietakoek ere, kontziente izan behar dutela aktualitateaz. Konturatu behar dugu, adibidez, nire ikasleak 2005. urtean jaio direla. Oso errealitate desberdinean bizi izan gara, eta gehiago helduagoak diren irakasleak.

Konturatu behar dugu, adibidez, nire ikasleak 2005. urtean jaio direla. Oso errealitate desberdinean bizi izan gara, eta gehiago helduagoak diren irakasleak.

Gazteek hip hopa entzuten dute, eta horren barruan trapa eta halako estiloak gustatzen zaizkie. Nik uste, musika genero guztietan bezala, denetik dagoela, gauza onak eta ez hain onak. Baina trapa izateagatik ezin duzu esan txarra denik. Horren barruan ere gauza ederrak daude. Ezin gara dena orokortzen ibili. Nire gurasoen lagun batzuekin hizketan, zioten gaur egungo musika kaka bat zela. Nik esan nien hori ez zela horrela. Gauza bat da irratietan eta jartzen dutena –eta hor ere gauza on asko dago–, hori entzunda agian itxi egiten zara, baina nik uste belarriak zabaldu behar ditugula.

Orain gutxi lagun batekin egon nintzen eta hark zioen 1977tik hona egindako musikak ez zuela ezertarako balio.
Asko orokortzen da, eta nik uste musika estilo guztiak errespetatu behar direla.

Musika ikasi duzu. Garbi zenuen musikara bideratu nahi zenuela zure bizitza?
14 urterekin saxofoia jotzen nuen, eta garbi nuen musika gustatzen zitzaidala, eta lagunekin talde bat sortu nahi nuela. Bateria jotzen hasi nintzen, eta rockarekin hasi nintzen. Gero, Salamancara joan nintzen ikastera, eta Donostian hasi nuena han bukatu nuen. Salamancan bukatzear nengoela, hor bai pentsatu nuela nire bizitza honetara bideratu nahi nuela benetan, eta ordu asko sartu nituen hor. Madrilen jazzeko kontserbatorioan sartu nintzen, eta diskoa egiteko baliagarria egin dudan pertsona zirkulua ezagutu nuen. Noizbait musika egitetik eta musika jotzetik bizitzea da nire ametsa, baina irakaskuntza asko gustatzen zait eta gogobetetzen nau.

24 urterekin baduzu ibilbidea musika mundua. Nola gogoratzen dituzu lehen urte horiek?
Polita izan zen. 17-18 urterekin nik uste nuena baino dezente gutxiago nekien. Esaldiak dioen bezala, “gero eta gehiago dakizu, baina gero eta gehiago konturatzen zara ez dakizula hainbeste”. Zumaiara bueltatzen naizenean lagunekin elkartzen naiz eta garai hartan zer ondo pasatzen genuen gogoratzen dugu. Musika Eskolaren atzeko lokaletan botatzen genuen izerdia, egiten zuen beroa, zegoen hezetasuna... Baina oso ondo pasatzen genuen. Isekaren bigarren diskoa atera genuenean ezin izan genuen kontzertu askorik eman: Larra (Mikel Larrañaga) Poloniara joan zen, ni Salamancan nengoen, eta azkenean hortxe geratu zen.

Iseka eta bakarkako diskoaren artean beste disko batzuetan ere jo dut. Beste estilo batzuk jo ditut, eta baliagarria izan zait ikasteko. Horrek lagundu dit, baina benetan betetzen nauen musika hip hopa da, eta horren barruen r’n’b, soul edota jazzarekin nahastutakoa.

Orain bakarkakoa atera duzu.
Bakarkakoa, benetan gustatzen zaidan musikarekin.

Estilo aldetik sekulako aldaketa da. Isekarekin pop-rock musika jotzen zenuen.
Ez du zerikusirik. Niri musika estilo asko gustatzen zaizkit, baina 17 urtetik aurrera hip hop asko entzuten nuen. Herrian entzuten duzun musikak asko eragiten dizu, eta 14-15 urte nituenean Zumaian rock eta punk rock asko entzuten zen. Eta hori ez da txarra. Baina Internet hor dago, eta haren bidez beste gauza batzuk entzuten dituzu. Urte hauetan guztietan hor aurkitu dut nik gustuko dudan musika.

Hip hopa gustatzen zait, baina bereziki musika mota hori talde batekin egiten denean, instrumentuekin. Nire diskoan musika organikoaren eta elektronikoaren arteko nahasketa egotea nahi izan dut. Espainiako hip hop eszenan artista asko dago bandarekin ateratzen dena: DJ bat du, pad batekin erritmo elektronikoak jotzen dituen bateria jotzailea, piano elektroniko eta sintetizatzailea, baxua eta gitarra elektrikoa. Hori da gustatzen zaidana.

Espainiako hip hop eszenan artista asko dago bandarekin ateratzen dena: DJ bat du, pad batekin erritmo elektronikoak jotzen dituen bateria jotzailea, piano elektroniko eta sintetizatzailea, baxua eta gitarra elektrikoa. Hori da gustatzen zaidana.

Creativan ikasi dudanean zortea izan dut. Jazz standarda ikasi dut, klasikoa, baina gaur egungo estiloak irakasten zizkidaten irakasle gazteago batzuk ere banituen. Azken finean, gaur egungo jazzak hip hoparen eragina ere badu, batez ere Estatu Batuetan. Zortea izan dut irakasle horiek musika hori ezagutarazi didatelako. Jazz standardeko pieza bat ematen zidaten, pianoan jotzen hasten nintzen, baina, egia esan, ez ninduen asko betetzen. Gustuko nituen hiru akorde hartu eta hip hop oinarria jartzen nion, eta azkenean diskoko abesti asko horrela egin ditut: jazz standardetik materiala hartu eta hip hopera eramanda.

Non grabatu duzu diskoa?
Madrilen, Estudio Unon, musikari pila batekin. Kontserbatorioko piano irakaslea, gasteiztarra bera, Juan Sebastian Vazquez izan zen. Jazzeko oso pianista ona da, eta nik baino hiru bat urte gehiago izango ditu. Hari esker musikari asko ezagutu ditut, eta haiekin grabatu dut diskoa. Ardatza Juan Sebastian Vazquez bera, Juanma Montoya gitarra jotzailea eta Gabi Fernandez ekoizlea izan dira. Gero beste hogeitik gora musikari ere izan dira grabazioan parte hartzen. Denak kontserbatorioko kideak edo hip hopeko mundu horretan mugitzen direnak. Madrilen ibili izanak horretan asko lagundu dit. Jam sessionetara joan naiz, hasieran ikusle bezala, baina gero atrebitu eta jotzera ateratzen nintzen. Hala ezagutu dut jende pila bat eta zirkulua montatzen joan naiz. Musikatik zerbait atera nahi duenari zuzenean Madrilera joateko gomendatuko nioke.

Zer instrumentu jotzen dituzu diskoan?
Saxoa, eta abestu ere egiten dut. Pianoa konposatzeko erabiltzen dut. Kontserbatorioan beti izan dut pianoa, eta harmonia modernoa ikasi izan dudanean erabili dut. Nire abesti batean pianoa jo nezakeen, baina ez du zentzurik alboan Juan Sebastian duzunean. Konposatzeko joko dut pianoa, baina grabazioan onek jo dezatela!

Diskoa ateratzeko prozesu guztiak zenbat denbora eman dizu?
Bi urte inguru izan dira azkenean. Urte bat konposatzen, eta beste urtebete grabatzen eta, aldi berean, konposatzen. Luzea izan da, baina oso pozik nago emaitzarekin. Merezi izan du.

Zuk zeuk atera duzu diskoa? Edo diskoetxeren bat badago atzetik?
Erdizka izan da. Estudio Unok badu diskoetxe bat, Uno Musica; lehenengo kanta grabatu nuenean gustatu zitzaien, eta beraiekin atera dut diskoa. Distribuzioan lagundu didate.

Musika urbanoko mundu horretan singleak eta bideoklipak asko erabiltzen dira. Bideoklipak ere egin dituzu, baina orain disko oso batekin zatoz. Beharrezkoa ikusi al duzu diskoa ateratzea?
Gaur egun singlea pack bat da: musika eta bideoa. Ez dut defendatzen, niretzat musika delako garrantzitsuena, baina egia da irudiak pixka bat janzten duela musika. Askotan dirutza balio duten bideo handi batzuk dituzu, baina atzean ez dago ezer. Nik diskoa atera dut, baina bideoklipak ere egingo ditut: urtarrilean beste bi bideoklip aterako ditut, eta azkenean diskoko abesti ia guztiek izango dute bideoklipa.

Hip hopen letrek garrantzia handia dute. Zureak al dira letrak?
Nik abesten ditudanak bai. Zerbait idazten dudanean lagun bati pasatzen dizkiot eta aholkua eskatzen diot. Ez da batere erraza izaten zure lanarekin objektiboa izatea, ezinezkoa dela esango nuke. Musika munduan, bereziki. Eta lagunez inguratuta egoteak asko lagundu dit. Abesti bat egiten duzunean, behin eta berriz entzuten duzunean, grabatu, berriro grabatu... azkenean perspektiba galtzen duzu, ezin duzu objektiboa izan. Gauza onak eta txarrak esango dizkizun jendea alboan izatea garrantzitsua da. Abesti bat egiten dudanean Juan Sebastianen edo Gabi Fernandezen onespena jaso arte ni ez naiz pozik egoten.

Hip hop edo musika urbanoko letra batzuek badute kutsu matxista edo sexista...
Nire kantuekin ez dut inola ere inongo minoria edo kolektibo soziala iraindu edo kaltetu nahi, eta nire letrekin horretan saiatzen naiz. Iritzia beti eskatzen dut, eta saiatzen naiz hori zaintzen, bai letretan, baita bideoklipetan ere. Baina ez da orokortu behar: badaude halako letrak abesten dituzten raperoak, baina on askok ez dute egiten.

Zerri buruzko letrak idazten dituzu?
Batzuetan hain ondo ez nagoenean idatzi izan ditut, eta, behintzat, probetxua atera diet une txar horiei. Diskoan eta bideoklipetan saiatu naiz giro ona transmititzen. Mezu positiboak eta maitasuna zabaltzen saiatzen naiz.

Bederatzi abesti sartu dituzu diskoan. Zenbat geratu dira kanpoan?
Pare bat, baina aterako ditut. Ni ez naiz raperoa. Abesti batzuetan rap antzeko bat kanta dezaket, melodikoagoa, baina abesti batzuek rap zuzenago bat behar dute, eta nik ezin dut hori egin. Horretarako pertsona egokia aurkitu arte ez ditut bi abesti horiek aterako. 

Orain zuzenera eraman nahiko duzu diskoa.
Urte osoan Dose eta Alber Stewarrekin biran ibili naiz Espainian zehar. Jaialdi batzuetan jo izan dugu. Aurrekoan Momorekin ere izan nintzen Zaragozan; Momo Zaragozako rapero bat da. Deitzen banaute jotzeko, jende horrekin bada, behintzat, gustura joango naiz. Nire proiektuarekin saiatuko naiz datorren urtean kontzertuak lotzen. Baina ez dut estutzeko asmorik; nahiago dut gauzak motel eta ondo egin, azkar eta gaizki baino. Nire bizitzan gauzak azkar egiteagatik gaizki egin ditut, eta dagoeneko ikasi dut.

Nire proiektuarekin saiatuko naiz datorren urtean kontzertuak lotzen. Baina ez dut estutzeko asmorik; nahiago dut gauzak motel eta ondo egin, azkar eta gaizki baino. Nire bizitzan gauzak azkar egiteagatik gaizki egin ditut, eta dagoeneko ikasi dut.

Gero eta entzule gehiago ditu zuk jotzen duzun musikak.
Lehen hip hopa pixka bat undergroundean mugitzen zen, baina orain mainstreama da. Lehen rockak zuen lekua hartu du hip hopak. Hip hopa oso zabala da, eta horren barruan estilo asko daude; orain musika urbanoa izena jarri diote. Horiek etiketak dira, eta nik ezingo nioke nire musikari etiketa bat jarri: diskoko kantu bat latina da, saltsako piano batekin, beste abesti batek r’n’b ukituak ditu, funka dago...

Nola ikusten duzu zure etorkizuna? Diskoa atera ondoren atsedena hartuko al duzu?
Bai zera! Diskoa atera behar nuela eta bi hilabetez beste gauza batzuetan zentratu naiz, ez musikan, eta nahikoa sufritu dut. Niri musika sortzea eta jotzea gustatzen zait. Orain berriro konposatzen hasi naiz, eta horrek betetzen nau. Helbururik ez dut jartzen; inportantea da prozesu honetan ondo pasatzea.

Garbi duzu, beraz, musikara bideratuko duzula zure bizitza.

Ez dakit beste ezer egiten!