Zabaldu dute gazteentzako literatur tailerrean izena emateko epea

Baleike 2020ko urt. 14a, 18:15

Idazketa zein irakurketa landuko dute, sei saiotan. Urtarrilaren 31 izango da izena emateko azken eguna. 

Gazteen artean sormena bultzatzeko asmoz, gazteei zuzendutako literatur tailerra antolatu du Zumaiako Udalak bigarren urtez. Paul Beitia Ariznabarreta irakaslearen eskutik, idazketa zein irakurketa landuko dute sei saiotan. "Zertarako literatura galdetzea zertarako bizi edo zertarako ulertu galdetzea bezain absurdoa eta, era berean, beharrezkoa da. Beraz, zertarako literatura? Zertarako idatzi, zertarako irakurri? Horrexetarako: bizitzeko, bizi duguna eta gaituena hobeto ulertzeko. Ikastaro honetan idazteaz eta irakurtzeaz jardungo dugu, idatzi eta irakurri egingo dugu, bi ekintza horiek modu kolektiboan baino ulertu ezin diren ideiatik abiatuta. Elkarrekin sortuko dugu: guk idatzia besteei irakurriz, besteei entzunetik abiatuz, elkarri iritzia emanez".
 
Sei ostegunetan izango dira, Alondegian, 18:30etik 20:00etara. Otsailaren 6an hasiko dira, ta maiatzaren 7an amaitu. Urtarrilaren 31 bitartean eman daiteke izena, Alondegia Kultur Etxean (9:30-14:00), 943- 86 10 56 zenbakira deituta edo alondegia@zumaia.eus helbidera idatzita.