Olaizola II.a eta Urrutikoetxea garaile Zumaian

Baleike 2020ko urt. 13a, 11:44
Igandeko eskuz binakako partida Zumaian (Argazkia: Arritxu Iribar)

Olaizola II.a eta Urrutikoetxea bikoteak 22-13 irabazi du zortzigarren jardunaldiko azken partida Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.aren aurka jokatu ondoren Zumaian.

Jende ugari hurbildu zen atzo Aitzuri pilotalekura, Eskuz Binakako Pilota Txapelketako zortzigarren jardunaldiko azken partidara. Olaizola II.a eta Urrutikoetxeak garaipen argia lortu zuten Bengoetxea VI.a eta Mariaezkurrena II.aren aurkako partidan; 22-13 irabazi zuen bikoteak, hain zuzen.

Aitzuri pilotalekuan jokatu zen partida parekide hasi zen arren (4-4), azkar gailendu ziren gorriak (Olaizola II.a eta Urrutikoetxea). Lehen bederatzi tantoetaraino, gertu ibili ziren bi bikoteak (9-6) baina lehen atsedenaren ondoren desberdintasuna handitzen joan zen. Pilota aldaketarako bikote nafarra lau tanto azpitik zebilen (17-13) eta ez zuen tanto gehiago egiterik lortu partida amaitu arte.

Olaizola II.a eta Urrutikoetxeak hirugarren puntua lortu zuten horrela Zumaian, ligaxkako lehen sei postuetan sartzeko lehian mantenduz. Hemen ikus daitezke binakako txapelketako partiden emaitzak.