Edonor ikertzaile? Eta zergatik ez?

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2020ko urt. 11a, 09:00

Aurten, estreinakoz, BIOTOP izeneko biodibertsitate topaketa egin du Geoparkeak. Errotaberriko ibarrera bertaratutakoei gure lurraldeko aniztasun biologikoa ezagutarazteaz gain, ekimenak beste bi helburu bete nahi izan ditu: hots, Herritarren Zientzia sustatu eta hori egiteko dauden erremintak maneiatzen erakutsi.

Herritarren Zientzia azken urteetan bolo-bolo dabilen praktika da eta publiko orokorrak  ikerketa zientifikoen jardueretan parte hartzea du helburu. Hala, herritarrek euren lan intelektuala, ezaguerak, erremintak eta bestelako baliabideak jartzen dituzte ikerketaren alde, modu guztiz aktiboan. Izan ere, kaleko ikertzaileek datuak eta esperientziak partekatzeaz gain, arazo eta galdera berriak mahaigaineratu ohi dituzte, eta kultura zientifikoaren esparru berri bat sortzen da.

Pitxartxar burubeltza

Ikerketa eremuak zabaltzeko duten indarraz eta ahalmenaz kontziente, makina bat unibertsitatek, ikerketa zentrok eta gobernuk Herritarren Zientziaren sareak sustatu dituzte arrakasta handiz. Esaterako, jatorriz Asiako hego-ekialdeko tigre eltxoaren hedapena iberiar penintsulan  kontrolatzeko Mosquito Alert ekimena, Kantabriako ibai ekosistemei segimendua egiteko Red Cambera izenekoa, edo basabizitza ezagutzeko Project Noah nazioarteko iniziatiba. Gertuago, Urdaibai Bird Center etxe inguruko hegaztiak ezagutzea helburu duen Inguruko Hegaztiak delako esperientzia, edo Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ibaiak eta itsasoa zaintzeko Aztertu egitasmoa. Hor daude, baita ere, geroxeago hizpide izango ditugun Ornitho.eus edo Natusfera plataformak ere.

Ikastetxeetan, berriz, Herritarren Zientzia mekanismo berritzailea da teknologia, matematika eta, orokorrean, zientziak irakasteko, zientzia jarduera soziala dela eta bizi-bizirik dagoela agerrarazteko aukera paregabea eskaintzen baitu.

Landa koadernoaren itxura berria

Herritarren Zientzia esamoldea nahiko berria da; ez, ordea, afizionatuek diziplina zehatz bati buruz informazio baliogarria biltzeko ohitura. Imajinarioan ditugu txori edo intsektuzaleak, mendira joateko arroparekin jantzita eta landa koadernoak datuez eta marrazkiez beteta. Gaur egun ere usadio hori mantentzen da, baina naturazale asko dira papera eta lapitza erabili beharrean, sakelako telefonoarekin moldatzen direnak. Hau da, marrazkia egin ordez argazkia atera ohi dutenak eta bolalumaren tokian aplikazio digitalak eskuratzen dituztenak.

Sakelako telefonoetan datu zientifikoak biltzeko aplikazio digitalen zerrenda gero eta luzeagoa da: E-bird, i-Naturalist, Mosquito Alert, Natusfera, Ornitho... Dena den, guk zerrendako azken bietan jarriko dugu arreta, bai Geoparkeak horiek zabaltzen lagundu duelako, baita proiektuak kudeatzeko erabili izan ditugulako ere.

Ornitho.eus herritarrei irekitako zientzia ataria da eta EAEko naturari buruzko informazioa biltzea nahiz zabaltzea ditu helburu. Suitzan jaioa eta, oinarrian, hegaztiei buruzko informazioa jasotzeko diseinatutako plataforma hau Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen du, eta Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemari lotuta dago. Ornitho.eus erremintaren bitartez, bizidun taldeen aipuak erregistra daitezke eta 2015. urtean sortu zenetik EAEko 254 udalerrietako 600.000 ekarpen baino gehiago izan ditu, gehienak hegaztienak. Hala ere, zerrendetan badira, baita ere, anfibioak, narrastiak, ugaztunak, itsas ugaztunak, burruntziak, tximeletak edo espezie inbaditzaileak, Asiako liztorra, panpako lezka edo zebra muskuilua, esaterako.

Natusfera, bestalde, Global Biodiversity Information Facility (GBIF) nazioarteko azpiegituraren i-Naturalist izeneko aplikazioaren moldaketa bat da eta hona ekartzeko arrazoia, besteak beste, plataforma honetan proiektuak sortzeko eta zabaltzeko erraztasuna da. Izan ere, oso modu intuitiboan, landu beharreko egitasmoaren eremua mapa batean marraztu daiteke eta datuak biltzeko formularioa diseinatzea arazorik gabe egiten da. Argazkiak igotzea ere posible da eta behatutakoa identifikatzen laguntzeko komunitate handia eta zeharo aktiboa dago beste aldean. Ornithoaren kasuan bezala, behaketak espazioan kokatzeko geolokalizazioa erabiltzen du.

BIOTOP, Bioblitzak Geoparkera ekarrita

Bioblitzak Ameriketako Estatu Batuetako Parke Nazionalen Zerbitzuak sortutako Herritarren Zientzia erabiltzeko ekimenak dira. Funtsean, toki eta data zehatz batean eginiko datu bilketa bat da, bertaratutako naturazaleek egiten duten laginketa bat, hain zuen ere. Saio bakoitzean bizidun talde zehatz bati edo askori buruzko informazioa bil daiteke eta arrakastatsua izateko parte hartze zabala eskatzen du, emaitza horrela izango baita emankorra. Azken helburua eremu baten fauna eta floraren errolda ahalik eta osoena egitea da, leku horren aberastasun biologikoa hobeto ezagutzeko.

Laburbilduz, Bioblitz bat biodibertsitatearen inguruko topaketa bat da eta Geoparkeak kontzeptu hori erabili du esperientzia hari gurean izena jartzeko. Horrenbestez, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz, BIOTOP izeneko topaketa lehenbiziz antolatu dugu  Errotaberriko bailaran. BIOTOP ekimena, helburu zientifikoak betetzeaz gain, herritarrei formakuntza eskaintzeko eta ingurumen heziketa sustatzeko ekintza bat ere bada. Jardunaldiak, halaber, parte hartzaileek Ornitho.eus plataforma eta horren aplikazio mugikorra - –Naturalist– ezagutzeko parada eskaini zuen.

Umeek ere ederki gozatu zuten

Errotaberriko atsedenlekua abiapuntu hartuta, irailaren azken larunbatean 50 lagun inguru elkartu ginen Sakonetara eramaten duen bailaran. Bertatik, talde txikietan banatuta eta adituez lagunduta, ibarreko hegaztiak, onddoak, landareak, anfibioak, armiarmak edota narrastiak ezagutzeko eta espezieak zerrendatzeko irteera motzak antolatu genituen. Goizean zehar joandako helduek zein umeek 130 espezie identifikatzeko aukera izan zuten eta eremu horretan inoiz egin den erroldarik handiena osatzen lagundu zuten.

Burruntzia

Horrenbestez, lortutako emaitza ezin hobeak eta jendearen erantzuna ikusita, hurrengo urteetan ere pareko esperientziak antolatzeko asmoa du  Geoparkeak. Hala, lurraldearen inguruko ezaguera zabaltzeaz gain, horren zaintzan herritarren konpromisoa handitzea ere  espero da. Izan ere, gaur egun edozein izan daiteke ikertzaile eta, erreminta egokiak erabiliz gero, informazioa kontsultatzea eta partekatzea denon eskura dago.