Emakumeen bigarren entrenamendu saioa egingo da igandean, Fysch Trailera begira

Baleike 2020ko urt. 8a, 10:50

Iaz zabaldutako bideari jarraituz, berdintasuna bultzatzea izango du helburu aurtengo Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak ere. Hala, emakumeen parte hartzea sustatzeko bost entrenamendu saio prestatu dituzte, eta igande honetan, urtarrilaren 12an, bigarrena egingo dute. 

Saio hauetan emakumezkoek zein gizonezkoek hartu dezakete parte. Abenduaren 15ean egin zuten lehen entrenamendu saioa, eta Elorriaga ingurura joan ziren. 44 emakumezkok eta 32 gizonezkok hartu zuten parte. Bigarren saio honetan Santa Barbara aldera joango dira. Taldea goizeko 8:00etan elkartuko da itsas kiroldegi parean. Korrikalari bakoitzaren ezaugarrien arabera bi talde egingo dira. Entrenamendu saioa Gaindituz taldeko lagunek zuzenduko dute. 

Martxora arte lau saio izango dira traila igarotzen den leku desberdinetan; apirilean, berriz, mendi lasterketa osoa egingo dute. Saio hauetatik, gutxienez, bitan parte hartzen duten emakumeek aurtengo Flysch Traila korritzeko dortsala jasoko dute. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30 dortsal izango ditu, eta entrenamenduetako parte hartzaileen artean zozkatuko ditu. 

2020ko Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa maiatzaren 3an korrituko da.