Oroimena eta eskubaloi festa Lubaki kiroldegian

Baleike 2019ko abe. 31a, 08:47

Argazkia: Gorka Zabaleta

Iñaki Espillaren VIII. oroimenezkoa jokatu zuten atzo Lubaki kiroldegian. Pulpo Eskubaloiko lau talde Euskadiko selekzioko beste hainbeste talderen aurka aritu ziren Zumaiako kiroldegian. 

Eskubaloi festa handia jokatu zen atzo Lubaki kiroldegian. Iñaki Espilla zenaren omenezko txapelketa antolatu du aurten ere Pulpok, eta bertan lau partida jokatu ziren Pulpoko taldeen eta Euskadiko selekzioen artean.

Goizez bi partida jokatu ziren. Kadete mailako Edu Optika Pulpok 22-17 emaitzarekin irabazi zion infantil nesken mailako Euskadiko selekzioari. Zalla Taberna Pulpo kadeteen taldeak, berriz, 44-27 emaitzarekin irabazi zion infantil mutil mailako Euskadiko selekzioari.

Arratsaldean jokatu ziren beste bi partidak. Trapaia Taberna Pulpo jubenilen taldeak ezin izan zion aurre egin kadete nesken selekzioari, eta 15-33 emaitzarekin galdu zuen. Neumaticos Bayona jubenilen mailako taldeak ere galdu egin zuen kadete mutilen Euskadiko selekzioaren aurka, kasu honetan, 31-33 emaitzarekin.

Zozketak ere izan ziren. Zenbaki sariduna 3824 da eta ordezkoa 1790.