Inauterietako kartela erabakitzeko lehiaketa antolatu du Udaleko Kultura Sailak

Baleike 2019ko abe. 30a, 09:31

Gabonak oraindik amaitu ez diren honetan, Inauteriak antolatzeko lanetan hasi da Udaleko Kultura Saila. Festa horiek iragarriko dituen kartel lehiaketako oinarriak iragarri ditu Udalak.

Lehiaketa hau zumaiarrei dago zuzendua, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Gaia eta karteleko testua Zumaiako Inauteriak 2020 izango da. 

Teknika librea izango da, eta lanek DinA3 neurria izango dute (297x420mm). Egilearen izena eta datuak kartazal itxi batean ekarriko dira.

Lanak urtarrilaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira Alondegia kultur etxean. Lanak otsailaren 6tik 24ra bitartean erakutsiko dira, Alondegia bertan. Epaimahaia Festa batzordeak osatuko du, eta bi sari emango ditu. Kartel irabazleak 300 euroko saria jasoko du. Kartel irabazlea Udalaren esku geratuko da eta Inauterietako festa egitaraua kaleratzeko erabiliko da. Herritarren saria, berriz, erakusketan jasoko diren botoen bidez hautatuko da. Saria herriko jatetxe batean bi lagunentzat afaria izango da.