San Silbestre lasterketa korritzeko izen ematea zabalik dago oraindik

Baleike 2019ko abe. 25a, 18:00

Korrika egiten amaitzen dute urtea munduko leku askotan, eta Zumaia ez da gutxiago izango. Abenduaren 31n, eguerdi partean, San Silbestre lasterketa korrituko da. Izenak emateko aukera dago oraindik Lubaki kiroldegian. 

Eguerdiko 12:00etan hasiko dira lasterketak. Aurrebenjamin (LH1-2) eta benjamin (LH3-4) mailetako haurrak izango dira korrika egiten lehenak. Pulpo elkartea eta Beheko plaza arteko 250 metroak egingo dituzte lasterka, guraso baten edo heldu baten laguntzarekin. 

Jarraian kimuen mailako gaztetxoen txanda izango da. Hauek 1.100 metroko distantzia egingo dute. Ondoren 14 urtetik gorako gazteak eta helduak aterako dira, denak batera. 5.000 metroko distantzia egingo dute korrikalari hauek. 

Azken lasterketa saio honen aurretik patinatzaileak aterako dira, eta behin korrikalariak ateratzen direnean ipar martxako partaideen txanda izango da. Herritar talde batek hala eskatuta izango dute azken hauek San Silbestre lasterketa honetan ateratzeko aukera.

Kirol proba honetan ez da sailkapenik egongo, eta parte hartzaile guztien artean kirol materialarekin osatutako sortak zozketatuko dira.

Izenak emateko azken eguna abenduaren 30a izango da (egunean bertan ezin izango da izena eman). Izenak Lubaki kiroldegian emango dira, eta izen-ematea doan izango da.