Lilatoiko hiru talderik handienetako bat izatea nahi du Emakumeon* Etxeak

Baleike 2019ko abe. 22a, 16:21

Martxoaren 1ean korrituko da Lilatoia, Donostian. Zumaiako Emakumeon* Etxeak helburu bat jarri du: Lilatoiko hiru talderik handienetako bat izatea, eta ahalaik eta emakume zumaiar gehien elkartzea Etxearen izenean parte hartzeko. Hiru talde jendetsuenek saria izango dute. 

Izenak urtarrilaren 2tik 17ra bitartean eman ahal izango dira Emakumeon* Etxeak Eusebio Gurrutxaga plazako gizarte zentroko bigarren solairuan duen lokalean. Astearte, asteazken eta ostegunetan hartuko dira izenak, 16:00etatik 20:00etara bitartean. Izen-abizenak, jaiotze data, NAN zenbakia, posta elektronikoko helbidea, telefono zenbakia, helbidea eta kamisetaren taila (S, M, L, XL, XXL) eskatuko dira.
 
Hamabi euroren ordez dortsala, kamiseta eta pultsera solidarioa eskuratuko dira (aurten Gautena autismoa duten pertsonen aldeko elkartearentzat joango da pultserekin lortutako dirua). Eta bost euro gehiagogatik, autobusean joan-etorria ere barne sartuko da. 
 
Elkartea arduratuko da dortsalak, kamisetak eta gainerako materiala jaso eta lasterketaren egunean banatzeaz.