‘Haizearen egia’ film laburra grabatu dute Zumaian eta Zestoan

Baleike 2019ko abe. 21a, 10:13

Ekain Albite gazte zumaiarrak zuzendutako Haizearen egia fikziozko film laburraren zati bat grabatzen aritu dira Zumaian eta Zestoan. 

Urriaren hasieran saharar kanpalekuetara bidaiatu zuen Albitek, eta bertan film laburraren zati handiena errodatu zuen. Azken astean, Haizearen egia izeneko pelikularen hirugarren eta azken grabazio saioak egin dira. Zestoan, Artadin eta Itxaspe inguruan jardun dira azken tomak hartzen.

Istorioak sahararra eta euskalduna den 18 urteko mutilaren gora beherak kontatzen ditu, eta bi herrietan eman da errodajea. Hori amaituta, orain muntaketa eta soinu postprodukzioan jardungo dira lanean. Horrela, martxoaren amaieran Zumaian eta Zestoan aurreestreinaldia izango da, Sahararen astearen barnean. 

Maluta films ekoizpen etxearen eta Zumaiako Daralhi elkartearen proiektu bat da hau. Zumaiako eta Zestoako udalek babesa eta  diru laguntza eman diote proiektuari.