Denboraren altxorrak

Juan Luis Romatet 2019ko abe. 20a, 08:26

Zestoako elizako erlojuaren eta esferaren inguruko hitzaldia emango du Xabier Alvarez Yeregui zumaiarrak, gaur arratsaldean, hango udal liburutegian.

Parrokiko dorrean bi altxor izenburua duen hitzaldia emango du Xabier Alvarez Yeregui erlojuzale zumaiarrak, gaur, Zestoan. Yeregui elkarteko koordinatzaileak emango duen saioa 19:00etan hasiko da, udal liburutegian.

Orain bi urte, 2017ko abenduaren 1eko gauean, tximista batek Zestoako kanpandorrean jo zuen eta kalte larriak eragin zituen dorreko kupulan. Konponketa lanek irauten zuten denboran, eta kalte gehiago ez jasotzeko, elizako erlojua atera eta Lasaoko lokal batera eraman zuten, zaharberritzera. “Ikusi genuen erlojua arriskuan egongo zela dorrean mantentzen bagenuen. Goiko solairutik harriak erortzeko arriskua zegoen, eta beraz, desmuntatu eta Lasaoko lokal batera eraman genuen. Han bi urtez aritu gara erlojua zaharberritzen. Erlojua martxan zegoen, eta nabari zen egoera onean zegoela. Oraindik, giltza eskuz ematen zitzaion”, dio Xabier Alvarezek.

Zestoako elizako erlojua 1879. urtean egin zuen Benito Yereguik, Alvarezen birraitonak. “Erloju honek beti eman dit atentzioa, eta ez niri bakarrik. Orain bospasei urte Belgikara joan nintzen, eta hango erlojugile bati erlojuaren berri eman nion. Hura ere harrituta geratu zen. Erloju honek badu berezitasun bat: erremintari batek eskuz egindakoa da. Garaiko beste erlojuak makinekin egiten zituzten”, dio zumaiarrak. Erloju honen berezitasuna euskal mugetatik kanpo ere ezaguna da. “Suitzako erlojugile batek ere ikusi zuen, eta haurtxo txiki bat balitz bezala ferekatu zuen. Erloju asko ikusita zegoen, baina hau berezia zela esan zuen, eskuz egina zelako”. Erlojua konpontzen ari zirela aurkitu zituzten mailukaden markak torlojuetan eta hortzetan. “Piezak sutegian berotu eta kolpeka egin zituen Benito Yereguik”. 

“Esperientzia badut erlojuen mundu honetan, eta ez dut halakorik aurretik ikusi. 140 urte ditu, eta beste 100 urte egongo litzateke martxan, arazorik gabe. Horregatik diot altxor bat dela”, azpimarratu du Yereguik. Erlojua auzolanean berritu zuten, eta gaur egun liburutegiaren azpiko lokal batean dago, berriro dorrera igotzeko zain. Horman beste altxorra Hitzaldiaren izenburuak garbi dioen bezala, bigarren altxor bati buruz ere ariko da Alvarez gaur. Elizako horman dagoen esfera da bigarren altxor hori. “Ikaragarria izan da hori aurkitzea. Dorrea 1734an diseinatu zuen Joseph Lizardi arkitekto azkoitiarrak. Esfera analizatzerakoan, xehetasun batek piztu zidan arreta: zenbaki erromatarrak ditu, eta hori normala da, baina badu berezitasun bat; bost zenbakia bost makilekin dagoela idatzita, eta ez V batekin, erromatarrek idazten zuten moduan”. Beste zenbaki batzuk ere modu desbedinean idatzita daudela dio Alvarezek. Harginaren lana ere txalotu du hizlariak. Izan ere, Europan zehar 500 bat esfera ikusi ditu, baina harriz egindako halakorik ez duela inoiz parean izan esan du. “Horregatik diot zaindu beharreko altxorra dela esfera hau”, nabarmendu du Alvarezek.

Erloju mekanikoa, Zestoan izan den laugarrena

Yeregui elkarteko koordinatzailearen ustetan, elizako erlojua Zestoan izan den laugarren erloju mekanikoa da. “1521. urteko dokumentuetan erlojuen inguruko lehen aipamena egiten da; konponketa batzuen inguruko aipuak daude han. Hogei urte geroago, 1541eko dokumentu batean, beste aipu bat ere egiten da erlojuen inguruan”. XVI. mendeko erloju hori gaur egungo elizan egongo zela uste dute. “Uste dute, baina, dorrea txikiagoa izango zela”.