San Pedro parrokiako taula botiboa Elkanoren inguruko erakusketan dago ikusgai

Baleike 2019ko abe. 18a, 17:29

Juan Sebastian Elkano getariarraren inguruko erakusketa muntatu dute Donostiako Euskal Itsas Museoan. Beste objektu eta artelanen artean, Mendaro kapitainak Zumaiako San Pedroko elizari emandako taula botiboa egongo da ikusgai bertan.

Juan Martinez de Mendaro kapitainak Zumaiako San Pedroko parrokiari emandako taula botiboa erakusten da Euskal Itsas Museoan. Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa hau ekainera arte izango da zabalik.  XV. mende bukaerako naoak irudikatzen dira taula horretan, eta San Pedro parrokiak utzi dio botiboa Itsas Museoari.

San Pedro parrokiako taula botiboa

Zumaiako San Pedro parrokiako taula botiboak bi zati ditu. Goialdean Ama Birjina agertzen da, haurtxoarekin. Ezkerraldean San Pedroren irudia ageri da, eta bere aldamenean, belauniko, taularen emailea, Juan Martínez de Mendaro, Zumaiakoa bertakoa. Eskuinaldean Santa Katalinaren irudia ikusten da, liburu bat irakurtzen, eta haren atzean gizonezko baten burua.

Beheko zatian, nabigatzen ari diren ontziak ikusten dira. Uste denez, Juan Martinez de Mendarok zuzendutako ontzien garaipena irudikatzen du.1475. urtean Gibraltarreko itsasartean, portugaldar eta genovar armaden aurkako garaipena irudikatzen du artelan honek. Ezkerreko ontziak Portugalgo armarriak ditu, eta eskuinekoak Gaztelakoak.

Artelariek eta historiagileek obra berezitzat jotzen dute, kontserbazio-egoera onean egoteagatik eta ikuspegi historiko eta dokumentalagatik duen garrantziagatik.