Espainiako Vueltak Urola Kosta zeharkatuko du abuztuaren 18an

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 18a, 16:26

Gipuzkoan hasi eta amaituko da txirrindulari txapelketaren laugarren etapa. Irundik Eibarrera 169,5 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, bidean Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoititik igarota.

Espainiako Vueltako antolatzaileek eman dute 2020ko txapelketako etapen berri. Esaterako, laugarren etapak Urola Kosta zeharkatuko du. Abuztuaren 18an izango da hori. Parte hartzaileak Irundik aterako dira, eta 169,5 kilometro korritu ondoren, Arraten (Eibar) bukatuko dute etapa gogorra.

Usurbildik barrena sartuko dira Oriora, eta beraz, eskualdera, 36. kilometroan. Handik Zarautzera eta Getariara jarraituko dute, eta 50. kilometroan Zumaiara iritsiko dira. Hortik Zestoara eta Azpeitira segiko dute. 72.kilometroa Azkoitian egingo dute, eta Zumarragarako bidea hartuko dute han.

2016an ere eskualdeko hainbat herritatik pasa zen Espainiako Vuelta. Ordukoan 13. etapan izan zen; Bilbotik abiatu eta, 214 kilometroko ibilbidean, Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orio zeharkatu zituzten txirrindulariek.