Anton Eguigurenen margo koloretsuek hartu dituzte Oxford aretoko hormak

Baleike 2019ko abe. 18a, 08:08
Argazkia: Sara Utrera

Margolari zumaiarraren erakusketa abenduaren 29ra arte izango da zabalik, Alondegiko aretoan. Azken boladan sortutako erretratuekin eta natura hilekin osatu du bilduma artistak.

Erretratu eta natura hil koloretsuez osatutako erakusketa zabaldu du Anton eguigurenartistak (Zumaia, 1946), Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Mihise gaineko akrilikoez osatutako bilduma prestatu du.

Eguigurenek aurrez ere erakutsi ditu bere lanak areto horretan bertan. "Bakarkako azken erakusketa orain hiru bat urte izango zen, eta ondoren, taldeko erakusketa batean ere parte hartu nuen Valentin Manterolarekin, Julian anaiarekin eta Irene Iruretarekin. Bizitza osoa daramat margotzen, baina esan daiteke erretiratzen ari naizela. Jendeak esaten zidan beste erakusketa bat egin behar nuela, eta zalantzak izan nituen. Ez dakit azkena izango den, ez erretiratu nahi dudalako, denborak berak erretiratzen zaituelako baizik", dio Eguigurenek.

14 urte zituela hasi zen eguigurenmargotzen. "Etxekoek margotzea jolastea bezala ikusten zuten, ez zuten zerbait seriotzat hartzen. Argazkigintzatik erretiratu eta Zumaiara itzuli nintzenean, margotzen hasi nintzen berriro; hori geratu zitzaidan", gaineratu du.

Azkenaldian egindako lanak bildu ditu artistak Oxforderako. "Obra berria egin nahi nuen, aurrez egindakoa erakusteak ez dueta zentzu handirik. Erretratuak egiten hasi nintzen orduan. Betidanik, tamaina handiko margolanak egin ditut, eta obra hauek handiagorako zirriborroak bezala ikusten ditut", dio.

Erretratuez eta natura hilez gain, obra berezi bat eraman du erakusketara. "Nire jaunartzea jasotzen duen lana da. Argazkia lortu nuen, baina tamalez lausoa zegoen, eta ezin izan ditut aurpegiak nahi bezala margotu".

Lantzen duen estiloak beste margolari baten antza izateak ez dio axola. "Lanean zaudela, pentsatzen hasten bazara norbaitek hori usteko duela... Hobe ez pentsatzea eta lana egitea! Obrak bukatu egiten ditut. Gainera, margotzen zoazen heinean, gauzak aldatu ditzakezu". Erakusketa abenduaren 29ra arte izango da zabalik, egunero, 18:00-20:00 bitartean. Asteburu eta jaiegunetan eguerditan ere zabalik izango da, 12:30etik 14:00etara.