Alfonso Garcia: "Haserrearen atzean proiekturik ez badago, ez du ezerk funtzionatuko"

Juan Luis Romatet 2019ko abe. 13a, 10:30

Energia kooperatibez hitzaldia eman du Goiener kooperatibako kide Alfonso Garcia zumaiarrak Txilen, klimaren inguruan egin duten gailur paraleloan.

Gaur amaituko da Madrilen egindako COP25 klima gailurra. 196 herrialdek hartu dute parte gailurrean, eta aztertutako gaien artean dago orain lau urte sinatutako Parisko Ituna. Hain zuzen ere, itun horretan zehazten ziren puntuak betetzen ari diren aztertu dute herrialde horietako agintariek. Berez, gailur hori Txilen egitekoak ziren, baina hilabeteren faltan Madrilera eraman zuten, Hego Amerikako estatu horretan bizi duten egoera sozial eta politikoa “ezegonkorra” delakoan. Gailurra lekuz aldatu zuten; ez, ordea, COP25arekin batera antolatutako gailur paraleloa. Santiago hiruburuko unibertsitateetan eta beste leku batzuetan egin dituzte hitzaldiak eta ekitaldiak.

Gailur paralelo horretan parte hartu du Alfonso Garcia Marquez zumaiarrak. Astebetez egon da Txilen Goiener kooperatibako kidea, eta Euskal Herrian eta Espainian energiaren inguruan sortutako kooperatibismoari buruzko hitzaldia eskaini du. “Goienerren eta Union Renovables Coop. kooperatiba batasunaren inguruko informazioa eskaini dut. Espainian zernolako kooperatibak dauden eta zer lan egiten duten galdetu didate”. Energiari dagokionez, eta Espainiarekin alderatuta, Txile eta Argentina beste fase batean daudela dio Garciak. “Espainian, 2009ko liberalizazioaren ondoren, zuk aukeratu dezakezu gogokoen duzun energia enpresa. Han urrats bat atzetik doaz, eta oraindik enpresak beraiek dira energia sortzeaz eta banatzeaz arduratzen direnak; ezin duzu aukeratu”, esan du.

Hego Amerikan garatzen ari diren proiektuen berri ere izan du Garciak Kooperatibismoaren inguruko jardunaldi horietan. “Hitzaldietan parte hartu duten beste kideek beraien esperientzien datu zehatzak eman dituzte; ni gehiago zentratu naiz kooperatiben sorreran, eta zer balio eta zer helburu izan behar dituzten azaltzen”.

Klimaren inguruko gailur paralelo horietan egindako beste hitzaldiak eta aurkezpenak entzuteko aukera ere izan du Garciak. “Txileko, Argentinako edo Brasilgo eragileek hartu dute parte hitzaldi horietan, horietatik batzuk kolektibo indigenetakoak. Asko eta asko haserre zeuden bizi duten egoeragatik, eta hori nabari zen beraien hitzaldietan. Baina, gero, proposamenak ere egiten zituzten, eta hori da garrantzitsua”.

“Ez dakit klimaren inguruko gailur hauek zerbaiterako balio duten, ideiarik ere ez dut, baina ez badugu horren inguruan hitz egiten, ez dugu aurrera egingo”, iritzi dio. “Elkarri loreak botatzera bagoaz, ez du ezertarako balioko. Kritikoak ez bagara, eta haserrearen atzean proiekturik ez badago, ez du funtzionatuko. Baina, azken finean, eragile hauek pertsonak erdigunean jartzen ari dira. Horrekin geratzen naiz ni”.

Protestak Txilen

Kaleko protestetan ere parte hartu du, eta Santiagon bizi duten egoeraz ere jabetu da. “Lehen egunean boluntarioak ikusi nituen hiriko zirkulazioa zaintzen, lan hori egin behar zuten poliziak ari zirelako protestetan parte hartzen ari ziren lagunak erreprimitzen”, gogoratu du.

Txileko Gobernuak metroko tarifak igotzea proposatu zuen, eta horrek eragin zuen protestak abiatzea, urrian. “Santiago oso hiri handia da, eta garraio zerbitzu publikoa ez da oso ona. Batez besteko soldatak ere ez dira oso altuak, eta familia batzuentzako irabazten dutenaren %10 izan daitezke garraio gastuak”. Une honetan alderdi politikoek Txileko gizartean indar handirik ez dutela ere azaldu du Garciak. “Mugimendu sozialekin mugitu naiz eta hori da ikusi dudana. Agian hortik kanpo errealitatea bestelakoa da, baina zerbait mugitzen ari denaren inpresioa izan dut”.