Alvaro Beñaran: “Haurraren pertsonari mezu positiboak adierazi behar dizkiogu, eta horrek beharko luke heziketaren oinarria”

Baleike 2019ko abe. 9a, 13:52

Haurreskolek, Herri Eskolak eta Udalak elkarlanean antolatutako hitzaldi zikloko hirugarren eta azken saioa eskainiko du Alvaro Beñaranek Alondegian. Hitzaldia bihar izango da, asteartea, 18:00etatik aurrera.

Pedagogia terapeutikoan eta psikomotrizitatean aditua eta aritua da Beñaran, eta Bai esan, Ez esan... Mugak? Afektua? Heziketa! solasaldia eskainiko du. Saioa 0-6 haurren gurasoentzako dago zuzendua.

Guraso eskolak eta gurasoei zuzendutako hitzaldiak daude. Zer behar dituzte gurasoek?

Segurtasuna, lasaitasun beren haurren heziketaz era egokian arduratzeko. Gure gizarte honetan, mendebaldeko kultura honetan, XXI. mendean, iritzi asko daude, ikuspegi anitzak, Internet bidez zabaltzen den informazio asko. Ez da erraza guraso izatea. Horregatik profesionalen helburua izan behar da lasaitzea, eta gurasoen gaitasunak sendotzea.

Ume batek limiteak, arauak, mugak behar al ditu? Hala bada, nola ezarri daitezke?

Bi dira heziketaren zutabeak: afektua eta mugak. Baina mugak haurrak egiten duenari zerbitzua emateko izan behar dira. Hau da, aukera ematen duten arauak, ez murrizten dutenak. Hasieratik egon behar da oreka hori: afektua eta mugak.

Zergatik uste duzu gurasoek zailtasunak dituztela ezetza esateko bere seme-alabei? Zer eragin du horrek haurrengan?

Badaude profesionalak eta teoriak haurrentzako ezetza kaltegarria dela esaten dutenak, eta beti saiatu behar dela baietza ematen. Eta argitu behar dena hauxe da: haurraren pertsonari beti bai esango diogula (haurraren pertsonari errespetua), baina egiten duena egokia edo desegokia izan daiteke, bere garapenerako edota besteentzat. Horregatik, lasaitasunean eta errespetuz, esango diogu bai ala ez. Haurra arduratu behar da egiten duenaren ondorioekin, bestela nahastuko da.

Gurasoei sarritan zalantzak sortzen zaizkie haurraren ekintza desegoki baten aurrean: kasketak, erantzun txarrak, jotzea... Zein da erantzuteko era egokiena?

Urrezko araua da ez jartzea haurraren maila emozionalean. Haurraren egoera kontuan hartu eta horren arabera erabaki zer komeni zion balore eta gaitasunen garapenari begira. Ez jarri haurraren emozioen menpe. Ez eman beldurrik haurrari. Eta ez utzi haurra gu errespetu faltaz tratatzen. Denon arteko elkarbizitzarako baloreak garatu behar ditugu. Denok.

Haurra gero eta autonomoagoa izatea nahiko genuke, baina sarritan ez dakigu noraino eskatu. Zer hartu behar dugu kontuan adin tarte bakoitzean?

Ezin erantzun hitz gutxitan, baina haurrak dituen gaitasunak kontuan hartzea izango litzateke gomendio orokorra. Hiru urtetik aurrera haurrak eduki beharko lituzke oinarrizko gaitasunak autonomian aritzeko. Umearen garaia bukatu da, eta haurraren garaia hasi da.

Gaur egun umeak gehiegi babesten direla entzuten da. Zertan babestu ditugu gehiegi eta zein dira ondorioak?

Heziketan badaude bi marra gorri: umea abandonatzea edo gaizki tratatzea izango litzateke bat, eta bestea ‘gehiegi ematea’, hau da, umearen eskuetan uztea helduari dagokiona. Ba omen dago mito bat. “Umeek helduek baino hobeto dakite behar dutena”. Horregatik heldua umeen nahien menpe jarri behar dira. Eta, nire ustez, hor galtzen ari gara. Umeak adierazten duena kontuan hartu behar dugu, beti, noski, baina heldua da jakin behar duena zer den egokiena umearentzat.

Mezu positiboak ematearen garrantzia sarritan entzun dugu. Nola erabili beharko genituzke errefortzu positibo hauek? Non dago oreka?

Hasieran esan dudan bezala, haurraren pertsonari mezu positiboak adierazi behar dizkiogu, eta horrek beharko luke heziketaren oinarria. Hori badago, lasaitasunean esango diogu bai ala ez egiten duenaren arabera, komeni zaionaren arabera. Sariak edo zigorrak ez da planteamendua, baizik eta egiten duenaren ondorioez jabetzea. Haur batek jotzen badu, beste haur bat gaizki sentitu beharko litzateke... ala ez?

Guraso guztiek nahi dute bere haurraren ongizatea. Zer puntu azpimarratuko zenituzke kontuan hartzeko?

Haur bat edukitzea erabaki dugu, beraz bere garapenaz arduratu behar gara. Ezin diogu leporatu gure haurrari guri gertatzen zaiguna, berak ez baitu horren errurik. Horrez gain, ez dugu erabili behar gure haurra gure afektuak betetzeko. Gure bizitza afektiboa orekatuta egon behar da. Haurra maitatzea gain, egiten duenari zentzua eman beharko diogu, eta egiten duena egokia edo desegokia den erakutsi behar diogu, argi eta lasai.