Harriz harri, mendiz mendi: Pirinioen historia ezkutua

Asier Hilario. Geologian doktorea eta Geoparkeko koordinatzaile zientifikoa 2019ko abe. 8a, 09:16

Pirinioak ez dira munduko mendi altuenak, baina geologiarentzat opari ederra dira. Konplexuak eta irisgarriak dira aldi berean; horregatik, mundu guztitik etortzen dira lur zientzien ikertzaile eta jarraitzaileak. Ederrak bezain interesgarriak direlako.

Mendian geologia biluzik ageri da. Dena da superlatiboa. Paisaian dauden koloreak, testurak, formak, lerroak, hutsuneak... ezer ez dago ausaz kokaturik. Elementu horiek guztiak ondo finkatutako ordena baten barruan daude. Prozesu eta geometria berdinak eskala desberdinetan errepikatzen dira. Mendiaren argazki orokorra ulertzeko ezinbestekoa da begia detaile txikietan jartzea.

Baina, noiz eta nola altxatu ziren Pirinioak? Gaur egungo Pirinioak duela 40 milioi urte inguru sortu ziren, Iberiako eta Europako plakek talka egin zutenean. Bai, baina historia askoz ere konplexuagoa da. Arrokek esaten digutenari kasu egiten badiogu, Pirinioen erdigunean askoz ere zaharragoa den beste mendikate bat ezkutatzen da, duela 300 milioi urte (Mu) sortu zen mendikate erraldoi bat!

Pirinioen sorrera 5 ataletan

1) Iragan urrun bateko itsasoak eta mendi handiak (duela 500-260 Mu)

Pirinioetako lurraldea itsaso batean urperatuta zegoen, bi kontinente handiren artean: Laurasia (iparraldean) eta Gondwana (hegoaldean). Duela 300 bat Mu, talka egin zuten eta kontinente bakarra osatu zuten, Pangea izenekoa. Talkaren ondorioz milaka kilometroko mendikate erraldoi bat sortu zen. Orogenia Variskoa deitzen zaio geologian. Talka horren ondorio dira, adibidez, Vignemale, Infiernos, Garmo Negro, Posets edo Bachimala mendietan ikus daitezkeen kareharri, eskisto, arbel eta hareharri tolestuak. Kolore marroi iluna eta testura zakarra dute orotara mendikatearen erdigunean kokatzen diren mendi horiek.

Posets-Espadas mendietako toles ikusgarriak duela 300 milioi urte sortu ziren.

 

Talka horrek sakonean sortutako presio eta tenperatura altuen ondorioz lurrazaleko arroka batzuk urtu egin ziren eta magma poltsa handiak sortu zituzten. Magma poltsa horiek kristalizatutakoan granitoak sortu ziren. Kuartzoa, feldespatoak eta mikak osatzen duten arroka gogor horrek mendi potoloak sortu zituen Pirinioetan. Aneto-Maladetak, Perdiguero, Balaitous edo Neuville erraldoiak dira horren adibide. Mendi granitikoak erraz bereizten dira: kolore gris iluna, erliebe biribilduak eta ertz zorrotzak dira bereizgarri nagusiak.

Balaitous-eko granitoa ere duela 300 bat milioi urte sortu zen presio eta tenperatura altuen ondorioz.
 

2) Basamortu handi bat Pangean (duela 260-200 Ma)

Pangearen lurrazala pixkana-pixkana puskatzen hasi zen, eta haranak eta sakonune handiak sortu ziren. Horrekin batera, mendikate erraldoi hura izugarri higatu zen, eta erliebe nagusien oinean sedimentu pilaketa handiak eragin zituen. Landaredia urria zen, eta klima idorra, baina euria egiten zuenean, erruz egiten zuen, eta ibaiek sedimentu kopuru handia eramaten zuten. Horrela sortu ziren Triasiko garaiko errekarri, hareharri eta buztin gorriak. Pangeako mendiak erraldoiak izan ziren, bai, baina milioi urte gutxietan higadurak desagerrarazi egin zituen.

Pirinio zaharraren desagerpena adierazten duten sedimentu gorri hauek Castillo de Acher, Vertice de Anayet edo Pico Arroyetas mendi gorri ikusgarrietan aurki daitezke.

Castillo de Acher-eko erreka sedimentu gorriak.

 

3) Itsaso tropikal baten azpian (duela 200-40 Ma)

Pangea hainbat piezatan zatitzen hasi zen kontinente berriak sortuz. Irekiera horretan, pixkana-pixkana, itsasoak berriz estali zuen Pirinioen lurraldea. Iberia eta Europaren artean, adibidez, Pirinioen itsasoa sortu zen eta 120 milioi urteetan zehar itsaso horren historia sedimentuetan idatzia gelditu zen. Entziklopedia erraldoi horren zati bat da geoparkeko flyscha, adibidez.

Fosilez beterik dauden arroka itsastar hauek (kareharriak, gehienbat) sortzen dituzte Nafarroako Pirinioetan kokatzen diren Ori, Hiru Erregeen Mahaia edo Auñamendi mendiak.  Baita Pirinio zaharretik hegoaldera kokatzen diren mendikate karetsu erraldoiak ere: Bisaurin, Aspe, Collarada, Telera, Tendeñera, Cotiella, Turbon eta bereziki Monte Perdido handia, Europan dagoen kareharrizko mendi altuena. Mendi horien ezaugarri nagusia kareharri gris argia eta arroka pakete lodiak dira.

Ordesako mendiak Zumaiako flyscha sortu zen itsaso berean eta momentu berean sortu ziren, sakonera gutxiko plataforma batean.

 

4) Talka handia (duela 50-5 Ma)

Iberiak europar kontinentearekin talka egin zuen, eta milioika urtetan zehar itsas hondoan metatutako sedimentuak deformatu eta altxatu egin ziren. Horiek eta horien azpian zeuden Pirinio zaharraren arrokak ere bai.

20 milioi urtean zehar bi kontinenteen arteko espazioa 77 bat kilometro laburtu zen, urteko 1mm-ko abiaduran. Konpresio hori guztia egokitzeko arrokak plastilina bezala tolestu ziren eta kasu askotan arrokak puskatu eta unitate zaharragoak berriagoen gainean kokatu ziren geologian “zamalkadura” bezala ezagutzen diren egiturak sortuz. Gavarnieko zamalkadura da guztietan ezagunena. Deformazio egitura horiek eskala guztietan eta nonahi ikus daitezke Pirinioetan.

Duela 40 milioi urte, Pirinioak altxatu zirenean sortutako tolesak Gavarnieko zirkuan.

 

5) Paisaiaren eraketa (duela 5-0 Mu)

Azaleratu zirenetik, kanpo eragileek Pirinioak zizelkatu dituzte gaurko mendiak eta bailarak sortzeko. Gaur ezagutzen dugun paisaia azken milioika urteetan izotzak eta urak egindako lanaren ondorioa da.

Denboran oso gertu, duela 60.000 Mu bakarrik, Pirinioetan 50 kilometro luzera zeukaten glaziarrak zeuden. Horiek izan ziren gaur egungo bailarak zizelkatu zituztenak. Ordesa, Pineta, Belagua eta Pirinioetako bailara guztiak gaur egungo Karakorum urrunaren glaziarren itxura zuten. Glaziarrak ia desagertu dira, baina urak oraindik kanoi sakonak higatzen ditu, kareharriak disolbatzen ditu lurrazalean eta pitzaduretan sartzen da. Izozten denean bolumena handitu eta arrokak puskatu egiten ditu. Horrela sortzen dira pareta handien azpian kokatzen diren harri multzo erraldoiak.

Denbora kontua da. Egunen batean gaurko Pirinioak desagertu egingo dira. Gu ez gara hemen egongo, baina desagertu egingo dira, aurrekoak desagertu ziren bezala.

Pinetako bailara glaziarra.

 

Gelifrakzioak pareta handien azpian sortzen dituen harri pilaketak.