Zumaiako mapa toponimiko berria aurkeztu du Udalak

Baleike 2019ko abe. 4a, 15:56

Euskararen Egunarekin batera, abenduaren 3an, aurkeztu du Zumaiako Udalak herriko mapa toponimiko berria. Mapa hau datozen egunotan banatuko dute herriko etxeetan. Geograma enpresaren laguntzarekin egin ditu lanak. 

Aurreko mapa toponimikoak 12 urte zituen, eta udaleko euskara teknikari Xabier Azkueren ustetan, bazuen eguneratzeko beharra, oraingo informazioa geografikoa eta kartografia digitala beste era batera lantzen delako.

Mapa berri honek aurrekoarekiko dituen aldaketa batzuk nabarmendu ditu Azkuek. Hala, eskala handiagoan landu da, 1:7.000n, "Elorriaga aldea aintzat hartu gabe". Narrondo ibaiak  izen berria izango du hemendik aurrera: "Arroaerreka izango da hemendik aurrera, Euskaltzaindiak hala arautua duelako".

Izen batzuk gehitu edo zuzendu dituzte, esaterako Jaiskunea (Algorriko eskailerak), Santiagotxiki (padura ingurua), Arritokieta (lehen Arridokieta) eta Mantzizidor (lehen Mantzisidor).

Mapa txiki batean herriguneko kaleak eta zenbakiak jarri dituztela ere argitu du Azkuek, "interes puntuekin batera". Kaleen izen batzuk Euskaltzaindiaren irizpideen arabera berrikusi dituzte, eta zalantza batzuk argitu ere bai: Patxita Etxezarreta, Ardantzabidea… Argazki batzuen bidez izen ezezagun batzuk azpimarratu dituzte: Amabirjiñabista (Foronda), Usurbiribillaga uharteak (Bedua alderakoak), Indiakoa (Ubillos), etab. Etxeen izenak ere gehitu dituzte. "Guztira 50 izen berri baino gehiago, herritarrek emandako agiriei eta artxibategietan topatutakoei esker".

Etxe izen hauetako batzuk ezagutarazteko altzairuzko 20 xafla edo errotulu egin ditu Udalak, agirietan begiratu eta izenen berri eman zuten herritarrei eskerrak emateko. Abenduan jarriko dituzte, eta Udalaren asmoa da 2020an beste etxe batzuetan ere antzekoak jartzea, bizilagunak ados egonez gero.