Klarinete Maratoiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek

Baleike 2019ko abe. 4a, 11:49

Guztira, 120 lagun aritu dira Zumaian klarinetearen bueltan antolatutako egitasmoan parte hartzen. 

Sapere Aude Sinfonietta-ko kideek igaro berri den XVIII. Klarinete Maratoiaren balorazio positiboa egin dute, oro har. Parte-hartzea "ona" izan dela uste dute; 90 lagunek eman dute izena ikasle gisa, eta musika bandako kideak, musika etxeetako profesionalak, musika eskoletako eta kontserbatorioko ikasleak gehitu behar zaizkio kopuru horri. Guztira, 120 lagun aritu dira Zumaian klarinetearen bueltan antolatutako egitasmoan parte hartzen. 

Hemezortzigarren edizioa izanik, "marka handia" erakusten du, antolatzaileen arabera, parte hartzaileen kopuruak. Bost egunetan eskaini diren askotariko emanaldiak ekarri dituzte gogora: Clarinet Clinic saioak, lutheriak, emanaldiak, lehiaketak, kontzertuak, Alexander teknika... maratoia bukatu berri den arren, hurrengo edizioari itxura ematen hasiak dira antolatzaileak. 

Publiko zabalari eskainitako ekitaldietan ere jendearen harrera "ona" izan dela iruditzen zaie. Bitxikeri moduan, aipatu dute inguruko herrietako jendea ere inguratu dela ekitaldietara, eta eskarrak ere eman dizkietela, horrelako ekintzak antolatzeagatik. 

Azkenik, azken urteotan indarra hartu duen laukote lehiaketako kontzertuaren irabazleak aipatu nahiko genituzke. Nabarmentzekoa da bederatzi laukotek izena eman zutela, hiru maila ezberdinetan  (8-12 / 13-16 eta 17-20 urte bitartekoak). Klarinete Laukoteentzat idatzita dagoen literatura sustatzea izan da lehiaketaren helburua, obra originalak zein moldaketak. Epaimahaia publikoan izan zen: Urval Ensemble, ZUMB, Musika Jaialdia eta irakasle adituak. Besteak beste, kontuan hartu ziren irizpideak ondorengoak izan ziren:

  • Aurkeztutako lanen  trebetasuna baino, originaltasuna edukitzea.
  • Klarinetea eta bere familiako instrumentuak erabiltzea.
  • Agerlekuan azaldutako jarrera.

Sariari dagokionez, maila bakoitzean talde irabazlearentzako sari ekonomikoa eta diploma izan zen, eta. 17-20 urte bitarteko mailan, gainera, irabazleek aukera izango dute 2020ko udan Zumaiako Nazioarteko Musika Jaialdian kontzertua eskeintzeko. Iaz ere halaxe egin zen, eta honez gain, Ludoteka Saria eta Gaztetxola saria izan ditugu. Hauxe izan zen emaitza:

-LUDOTEKA SARIA (8-12urte bitartekoak)
Leire Usabiaga, Kepa Erkiza, Uxoa Aramberri eta Martin Sanchezek KULM laukotea (Andoain Errenteria eta Zumaiako Musika Eskolako ikasleak) Shear delight eskeini zuten. Irabazleen diploma eta sari ekonomikoaz gain, Zumaiako Ludotekan kontzertua eskainiko dute.


-GAZTETXOLA SARIA (13-16 urte bitartekoak):
Errenteria Musikaleko MAKA Quartet izan zen garaile,
Amaiur Artola, Ane Balerdi, Mushegh Martyrosian, eta Kerman Martinek osatzen zutena. A. Laurier-en The battle of Jerichó eskini zuten.

Irabazleen diploma eta sari ekonomikoaz gain, Zumaiako gaztetxolan kontzertua eskeniko dute.

-MUSIKA JAIALDIA SARIA (17-20 urte bitartekoak):
Errenteria Musikaleko XANA Laukoteak, West Side Story pelikulako America eskaini zuen. Nahikari Martin, Aitor Juez, Xabier Ruiz de Azua eta Andone Martiarena zumaiarrak osatzen zuten laukotea.

Irabazleen diploma eta sari ekonomikoaz gain, 2020ko  Zumaiako Musika Jaialdiari irekiera emango dion  kontzertua eskainiko dute.

Aipatzekoa ere klarinetearen aitzakian izandako festa hau, igande arratsaldean bukatu zela ganbara musika kontzertu berezi batekin. Klarineteak eta soka instrumentuak elkarrekin jolasean; musika klasikoa, klezmer itxurako doinuak, entzuteko balsa, argentinar sustraietako musikak eskaini zituzten Sapere Aude Sinfonietta-ko lagunek.