Punkaren motorra martxan

Baleike 2019ko abe. 4a, 08:48

Karter musika taldeak sei abestiz osatutako lehen diskoa plazaratu du. Punk eta rock doinuak uztartzen ditu Zumaiako laukoteak. Kantu berriak sortzeko lanean ari dira.

Sei abestiz osatutako lehen diskoa argitaratu berri du Karter laukote zumaiarrak. Punk eta rock doinuak uztartzen dituen taldeak pasa den ostiralean aurkeztu zuen diskoa herrian bertan, Torreberri gaztetxean emandako kontzertuan. Kantu berriak sortzea eta ahalik eta zuzeneko gehien ematea dute orain helburu.

Aitor Ramosek (bateria), Aitor Pampinek (baxua eta koroak), Iker Barberok (gitarra eta koroak) eta Imanol Amilibiak (gitarra eta ahotsa) osatzen dute taldea. Herriko beste musika talde batzuetan aritutakoak dira laurak, eta iaz sortu zuten Karter. "Beste taldeak geldialdian zeuden, eta jotzeko elkartu ginen. Hasieran, bateria-jotzailerik ez genuen, eta Aitor batu zen taldera", diote beste hiru kideek.

Taldearen izenak motor munduarekin lotura izatea nahi zutela adierazi dute. "Batetik, izenak laburra behar zuen, baita indartsua ere; eta k zein rhizkiek indarra ematen diote izenari. Bestetik, motor munduarekin lotu nahi genuen, Motörhead eta beste talde batzuekin, eta hortik sortu zen Karter", azaldu dute.

Hasieran, taldeak beste kide bat ere izan zuen denbora batez: Iñigo Brote. Boskote moduan jo zituzten lehenengo kontzertuak, Aizarnazabalen eta Alai auzategiko jaietan egindako motorzaleen festan, esaterako. Iazko DardaraFest jaialdian kontzertua eman ondoren, Uxategiko grabazio estudioan sartu ziren, ordura arte sortutako abestiak grabatzeko. "Instrumentuak urte amaiera baino lehen grabatu genituen, baina geldialdi bat egin genuen. Izan ere, beste hainbat ardurarengatik Iñigo Brotek ez zuen denborarik ahotsa grabatzeko. Hilabete batzuk egon ginen egoera horretan, eta Iñigok taldea uztea erabaki zuen", kontatu dute. Dena dela, diskoan eskerrak eman dizkiote Iñigo Broteri.

Erabaki horrek aldaketak eragin zituen taldean: batetik, Imanol Amilibiak hartu zuen abeslari ardura; bestetik, taldearen soinua bera ere zertxobait aldatu zela diote. "Brotek hardcore ukitua ematen zion taldearen musikari; orain gehiago hurreratu gara rock-and-rollera, punka alde batera utzi gabe".

Sei abestiz osatutako disko laburra da Karterren debutekoa. Abestiak taldekideek beraiek sortu dituzte, eta hitzetan umorearekin jokatzen dutela azaldu dute, baita erotismoarekin ere. "Bai hitzetan, baita azalean ere". Gatza Factoryk diseinatu die diskoko azala.

Harrera ona

Taldekideak pozik daude diskoa izaten ari den harrerarekin. "Kontzertuan bertan 30 bat ale saldu genituen. Horrez gain, Internet bidez ere asko entzun da. Aurrekoan, Kataluniako irrati batean jarri zuten gure abesti bat, eta erantzun oso ona izan zuen; ilusio handia egin zigun horrek".

Errepertorioa osatu eta kontzertuak emateko gogoz daude orain. "Abesti gehiago egin ditugu diskoa grabatu genuenetik; bost bat kantu berri izango ditugu. Orain kantu horiek bukatu eta kontzertuak lotzen saiatuko gara, negua horretarako garairik onena ez bada ere".

Diskoa zuzenean aurkezteko eskaintza batzuk jaso dituztela ere adierazi dute. "Negua ez da garairik onena kontzertuak lotzeko, baina Bilboko eta Barakaldoko rock areto batzuetatik deitu digute zuzenekoak emateko".

Diskoa formatu fisikoan erosi ezin dutenek entzungai dute Karter taldeak Bandcampen duen txokoan.