Egoitzetako langileak Aldundi aurrean biluztu dira hitzarmena eskatzeko

Baleike 2019ko aza. 29a, 16:36

Gipuzkoako helduen egoitzetako langile talde bat Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean elkarretaratu zen atzo, LAB sindikatuak deituta. Gerritik gora biluztu ziren aldundiaren eta patronalaren jarrera salatzeko. 

"Hitzarmenik gabe jarraitzen dute langileek, erabat biluzik, babesik gabe, Gipuzkoako helduen egoitzetan kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko aukerarik gabe, euren lan baldintza kaskarren ondorioz", salatu dute LAB sindikatutik.

Sindikatuak ohar baten bidez adierazi duenez, aldundia bera da "gatazka eta babesgabetasun egoeraren arduradun nagusia". Kudeaketa pribatu baten alde egiten duela diote LABetik, "non lan baldintzei, zerbitzuaren kalitateari, edozer diotela ere, jaramonik egiten ez dien".

Patronalaren ikuspegia, berriz, "merkantilista" dela azpimarratzen dute. Beste sindikatuen jarrera ere salatu dute, "irtenbidea erraztu beharrean, zailtzen dutelako".