Deba eta Zumaia arteko tren zerbitzua sei hilabetez moztuta egongo da

Baleike 2019ko aza. 29a, 14:39

Zumaia eta Deba arteko tren zerbitzua moztuta dago aste hasieratik Itziar parean izandako luizi bat dela medio. Euskotrenetik iragarri dutenez, konpontze lanek sei hilabete iraungo dute, eta bitartean autobusez egingo dira bi herrien arteko bidaiak. 

Azken asteotan izandako euriteen ondorioz, Zankoetako bigarren tunelaren parean 4.000 eta 6.000 tona harri mugitu zirela dio Euskotrenek, eta horrek eragina izan zuen eroritako tunelean bertan

Konponketa lanek bi milioi euro inguruko kostua izango dutela aurreikusten dute, eta sei hilabete beharko direla bi herrien arteko tren zerbitzua berriro martxan jartzeko. 

Gertaera honen ondorioz, Zumaia eta Deba arteko bidea autobusez ari dira egiten asteartetik. Ikusita tren-zirkulazioen mozketa sei hilabetez luzatuko da, garraio aldaketa hauek proposatzen dituzte Euskotrenetik:

Astelehenetik ostiralera, lanegunetan

Bilborako noranzkoa: Garraio aldaketa Zumaia eta Deba artean, geltoki horretatik trenez jarraitzeko.

Donostiarako noranzkoa: Garraio aldaketa Deba eta Zumaia artean, geltoki horretatik trenez jarraitzeko. 

Bidaiariak ohiko ordutegia baino 30 minutu beranduago helduko dira jomugara. 

Larunbat, igande eta jaiegunetan

Bilborako noranzkoa: Zumaiatik edo Arroatik Bilborako noranzkoan bidaiatu nahi duten erabiltzaileek, autobusa hartu beharko dute. Autobusak helmugara arte eramango ditu, baina azken geldialdia Kukullaga/Etxebarri izango da. Bidaiarekin jarraitu nahi izanez gero, geltoki horretan trenera itzuli beharko dute.

Trena normaltasunez ibiliko da Deba eta Matiko (Bilbo) artean.

Donostiako noranzkoa: Garraio aldaketa Deba eta Zumaia artean, geltoki horretatik trenez jarraitzeko. 

Autobus geralekuak hauek izango dira:

  • Deba: Geltokiaren ondoan.
  • Arroa: N-634 errepideko autobus geralekua.
  • Zumaia: Geltokiaren ondoan.